Historia kontzeptu "handiegia" iruditzen zaio Jose Luis Erdozia Mauleon etxarriarrari eta, horregatik, asteazkenean aurkeztu zuen liburuaren izenburuan "zeraren zerak" erabiltzea egokiagoa dela uste du. Eta zer esan nahi du zeraren zerak horrek? Amonak esaten omen zien, "zeraren zerak, ezer esan be denetarik esaten duzu". Erdoziak azaldu duenez, oso zaila da Aranatzen edo Sakanan gertatutako guztiaren jarraipen "erabatekoa" egitea, eta jasotako horiek, beraz, "zeraren zerak" dira. Hortaz, Aranatz haraneko zeraren zerak liburuak ibarrean zehar historian zeharreko gertaerak, datak eta abarrak biltzen ditu.
Historiaurrean hasi eta XX. mendearen hasierarako Aranatzetik ibilbide historikoa egin du Erdoziak. "Liburua planteatu dut Aranazko memoriako etxe bat izango balitz bezala". Beraz, liburuak badu sarrera edo ezkaatza, sukaldea, eta atzekaldea. "Helburua gure historiako gure eskura dauden hainbat pasarteak ezagutzea da, eta hortik, ahal bada, ondorioak ateratzea. Zergatik daukagun daukaguna eta zergatik garen garen modukoak ere ezagutu".
Liburua zazpi ataletan banatuta dago. Ezkaatzan edo sarreran liburuaren helburuak agertzen dira, eta Aranatz non dagoen, "Sakanaren erdian dagoela ikusten dugula", Sakanan non dagoen, "Euskal Herriaren erdian", eta Aralar, Urbasa eta Andia mendizerrak hor daudela ere erakusten du; "nik uste horiek hirurek markatu gaituztela erabat gure aurrekoak eta gu ere bai". Sakana bidegurutzea izan dela aipatu du: "hemendik betidanik pasatu da jendea: erromatarren garaian Burdeos-Astorga galtzada pasatzen zen, autopista handia zen bere garaian, eta horrek nahi eta nahi ez markatu egin gaitu". Aranatz, Sakana, Nafarroa eta abarreko kontzeptuak edo izenak nondik etor daitezkeen ere azaldu du sarreran.
Zazpi atal
Ezkaatza pasata, liburuaren "sukaldea" dator, eta bertan Aranatzen hainbat urtetan "egosi" diren gertaerak aipatzen dira. Zazpi ataletan banatu du historia. Lehendabizikoa historiaurrea da. Armando Llanos eta Jose Miguel Barandiaran eta zenbait arkeologo gehiagoren lanetara jo du, "ez bakarrik hemen Aranatzen zer topatu duten ikusteko, baizik eta inguruan ere. Urbasa, Olaztin edo Aralarren bizi ziren modua antzeko biziko ziren Aranatzen ere". Aztarnak ere kontuan izan dituela esan du Erdoziak.
Bigarren atala erromatarren garaikoa da, eta gero Etxarri sortu zeneko garaia: "XIV. mendeko baino lehenagoko dokumentuetan eta idatzietan Aranatz agertzen hasten da. Aranatz Ergoiena, Arbizu eta Etxarri bezala ulertuta". Bereizketa egin du Etxarri sortzen denean, XIV. mendean, "hor markatu egiten zen. Erregeak egin zuena izan zen hainbat herri desagertarazi Etxarrira bizitzera etortzeko". Hemeretzi herri omen ziren, "eta gaur egun bakarrik sei bizileku dauzkagu. Aldaketa handia".
XIV. mendearen inguruan Gaztela sartzen da ekuazioan, "Gaztelak Nafarroako Erreinua konkistatzen duenean aldaketa handia ekartzen du". Bitartean, Gipuzkoatik eraso asko egoten zirela esan du Erdoziek, "jauntxoen aldetik, ez zen herria". Eraso horiek desagertuz joan ziren, eta XVI, XVII eta XVIII mendeetan Aranatzen "gauza oso interesgarriak" gertatu zirela azaldu du idazleak: "Lizarra ordura arte Etxarriko alkatearen menpe zegoen, Arbizuk bere mugak zein izango ziren zehaztea lortzen du, eta prozesioengatik istilu handiak egon ziren, eta pentsa dezakezu zergatik kexatzen zen eliza garai horretan". Ekonomiaren aldetik basoek zuten garrantzia aipatu du Erdoziak. XIX. mendea beste kapitulu batean bildu du, eta azkenekoa XX. mendea da, "baina, esan bezala, estatu kolpea arte".
Aranatz elkartea ere aipatu du Erdoziak liburuan, "ez dakigu noiz sortu zen, baina esan daiteke entitate administratibo bezala XIII. mendean agertzen dela, eta XIX. mendean desagertzen dela, garaiko dokumentuetan aipatzen denez". Idazleak euskaratu idatzi horiek, "jendeak hobe ikusteko".
Historiako gertakizunen kontakizunen ondoren, beste atal bat jarri du Erdoziak; "eranskin bat", Onomastika historikoa. Bertan "izenak eta abar" jarri ditu, "gauza bitxia da XIII. mendetik XIX. mendera bitartean nola joan diren pertsonen izenak aldatzen". Denbora pasa bat jaso du ere liburuan, "esaldi nahiko luzeak markatu ditut eta hitza topatu behar da". Horrekin ateratzen den esaldia "atzera begiratuta zer atera beharko genuke ondorio bezala" lortu nahi du.
Dokumentuak
Aranazko historiaren errepasoa egiteko ezinbestekoak izan dira erreferentzia bibliografikoak; "bibliografia asko da". Paperezko liburuen eta dokumentuetan "bakarrik" 134 aipamen daude, eta horietatik guztietatik informazioa hartu du Erdoziak. Gaur egun ere erreferentzia elektronikoak "oso garrantzitsuak" direla esan du, eta horietan bat nabarmendu du: Documenta navarra bloga, Rafael Karasatorreren webgunean. Bertan dokumentu historiko asko jarri ditu jendearen eskura. Hala ere, ez da kontsultatu duen webgune bakarra, 24 baitaude.
Erdoziak aitortu duenez, XX. mendera arte "oso gustura" aritu da, "eta horren ondoren gertatu zena denok dakigu. Nahiko fresko dago eta erabaki dut idatzita dagoena bakarrik jartzea; testigantza oso zuzenen bat edo beste". Ahalik eta modu objektiboenean ematen saiatu da. Momentuz, ez du bigarren zati batean jarraitzea planteatzen.