Erasoz betetako lasterketa izan zen juniorren Espainiako Txapelketa.
Berez ez zen proba oso gogorra, baina gorabehera asko zituen eta adi egon beharra zegoen, erasoak etengabekoak zirelako. Bestalde, Valladoliden bero latza zegoen eta desgastea izugarria izan zen. Azkeneko kilometroetan ihes egin nuen Euskadiko Yago Agirrerekin, baina atzetik zetozen hiru txirrindularik harrapatu gintuzten. Azkeneko bihurgunera bigarren postuan nengoela sartu nintzen eta helmugara ere bigarren sartu nintzen, Yago Agirre txapeldunaren atzetik. Egia esan, oso pozik nago zilarrezko domina lortu izanagatik.
Aurrean egotea espero zenuen?
Ez nuen espero, baina lasterketan oso ongi sentitu nintzen.
Ohi baino maila handiagoa zegoen?
Bai, Espainiako txirrindulari onenak zeuden. Tropela ere urduri zegoen. Ohi baino urduritasun handiagoa zegoen.
Denboraldia ongi hasi zenuen, Villatuertako eta Amorebietako garaipenekin, baina Lazkaomendin erori eta erradioan fisura batengatik lesionatuta egon zinen.
Errekuperatzea kosta egin zait, baina gutxinaka lasterketen erritmoa hartzen ari naiz, eta hemendik aurrera hobeki aritzea espero dut. Aimar Tadeo nire taldekideak ere lepauztaia apurtu zuen eta bi hilabete egon zen lesionatuta. Paretsu gaude, Aimar ere erritmoa hartzen ari da.
Badirudi indartsuago itzuli zarela, Cendea de Galarren garaipena lortu eta Euskadiko Txapelketan, Nafarroako Erlojupekoan eta Gipuzkoako Itzulian bigarren izan zarelako.
Oraindik hobetzeko tartea dut, baina, egia esan, Gipuzkoako Itzulia oso ona izan zen.
Espainiako juniorren erlojupekoan zortzigarren sailkatu zinen.
Proba ez nuela espreski prestatu kontuan hartuta, egindakoarekin kontentu nago.
Nafarroako selekzioko Iban Azanzak irabazi zuen erlojupekoa, aurten zure arerio gogorrena denak.
Bai, hor gabiltza borrokan. Orain bertan bera da indartsuena (kar, kar…).
Zein da hurrengo helburua?
Hurrengo helburu nagusia Nafarroako Itzulia izango da, zalantzarik gabe.