Herri kirolak

Amaia Razkin eta Joritz Arratibelek kadeteen Nafarroako Trontza Txapelketa dute jokoan

Guaixe 2022ko uzt. 11a, 11:40

Jendetza biltzen da eguerdiro sanferminetako herri kirolez gozatzera. IBAN AGUINAGA

Gaur, astelehen eguerdian Iruñeko Foru plazan Nafarroako txapela dute jokoan. Herri kirol proba konbinatuen erakustaldian Andra Mari ikastolak hartuko du parte

Gaur, astelehena, Nafarroako kadeteen mailako Trontza Txapelketa egongo da jokoan Iruñeko Foru plazan. Lehiatuko diren lau bikoteen artean Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako Amaia Razkin eta Joritz Arratibel bikotea daude. Oihan Biurrun-Asier Muñoz (Antsoain), Ander Aldunate-Oihan Santesteban (Antsoain), eta Julen Urrutia-Xabat Altzugarai (Menditarrak) izango dituzte aurkari, eta egin beharreko lana etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egitea izango da. Ondoren, herri kirol proba konbinatuen erakustaldia egingo dute Etxarri Aranazko Andra Mari, Araxes, Antsoain eta Igantzi taldeek kimuen, haurren eta kadeteen mailan. 

Aitor Oiarbide hirugarren
Larunbatean Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa jokatu zen Iruñeko Foru plazan. Albaro Zugarrondo, Oskar Aguas eta Aitor Oiarbide etxarriarra lehiatu ziren. Hiru harri desberdinekin –125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola– bi minutuko txandak izan zituzten, eta Oskar Aguasek jaso zuen pisu gehien (4.612,50 kilo, 41 altxalditan). Albaro Zugarrondok 4.250 kilo jaso zituen 37 altxalditan eta Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen den Aitor Oiarbide etxarriarra hirugarren sailkatu zen, 23 altxalditan 2.675 kilo jasota (zilindroari 11 altxaldi, kubikoari 8 eta bolari 4).