'Trapu zikinak' kale ikuskizunaren emanaldia Etxarri Aranatzen

Guaixe 2022ko uzt. 18a, 12:31

Udalbiltzaren 'Geuretik sortuak' programaren barruan Lore More taldeak egindako antzezlana izanen da uztailaren 20an, asteazkenean, Etxarri Aranatzen. 

Tafallako Lore More konpainia Udalbiltzak sustatutako Geuretik sortuak proiektuan parte hartu zuen, eta programa horren baita sortu zuen Trapu zikinak antzezlana. Garbitokien inguruan sortutako pieza da. "Trapu zikinak etxean garbitzen dira" esaeratik abiatuta, herri garbilekuek, egun mutu dauden harritzarrek, beste errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuak kalean garbitzen zirela, hau da, bizilagun, senide eta lagunekin batera. Intimitatearen ideia begi berriz aztertu daiteke iraganeko horietan eskuak murgilduz. Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak agertuko dira garbitzen diharduten emakume saldoan. 

Lore More konpainiak Trapu zikinak antzezlanaren emanaldia eginen du uztailaren 20an, asteazkenean, 20:00etan, Etxarri Aranazko Zelai Berriyen.