Munduko arrozak lehenengoz Etxarri Aranatzen

Guaixe 2022ko uzt. 22a, 09:07
Paella Olaztiko Munduko arrozak ekimenean. ARTXIBOA/JUANPE

Abuztuaren 4an, ostegna, festen barruan, Etxarri Aranatz "kulturen arteko eltze erraldoia" bilakatu nahi dute. Izena ematea zabalik dago uztailaren 29ra arte.

Etxarri Aranatzek Munduko Arrozak ekimena hartuko du lehenengoz. Abuztuaren 4an izango da, Etxarri Aranazko festen barruan. 10:00etan hasiko dira prestatze lanetan eta 13:15ean dastaketa izanen da. Silvia Marañon Chasco Etxarri Aranazko alkateak ekimena hartzeagatik "oso harro eta pozik" zeudela esan zuen: "Etxarri Aranatzen dugun aniztasuna geroz eta handiagoa da, eta hori aberastasuna da denondako, Etxarri Aranatz denok egiten dugulako". Horregatik, herritar guztiei Munduko Arrozak ekimenean parte hartzeko gonbita egin zien. Izena ematea zabalik dago uztailaren 29ra arte, Mank-eko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuan. Mali, Ekuador, Ukraina eta Etxarri Aranazko taldeek eman dute izena dagoeneko.

Aipatu zerbitzuko teknikari Bego Zestauk adierazi zuenez, "Etxarri Aranatzen bizi den jeandeak elkarren artean ezagutzeko aukera izango du, sukaldatzen duten bitartean". Azaldu zuenez, Munduko Arrozak ekimena ez da lehiaketa bat, "elkarbizitza baikorra egiteko pauso bat baizik. Etxarri kulturen arteko eltze erraldoia bilakatuko da". Munduko jolasak izanen dira ere, eta sentsibilizazioa lantzeko bi euskarri banatuko dira, elkarbizitzarako hamar esaldiko dekalogoa eta abanikoak, "haizea emanez zurrumurruak uxatzeko".