Txirrindularitza

Mikel Uncilla bigarren Iruñeko Itzuliko lehen etapan

Guaixe 2022ko uzt. 27a, 09:45
Esprint oso estuan gutxigatik aurreratu zitzaion Isaac Gracia Mikel Uncillari. MARTIN EARLY

Mutiloako esprint estuan Bathco taldeko Isaac Gracia gailendu zitzaion etxarriarrari. Gaur Otsagin hasi eta despedituko den 81 km-ko etapa berezi eta menditsua dute aurretik

Iruñeko Itzulian aurrean egon nahi zuela esan zuen Mikel Uncillak (Sakana Group-Aralar), eta momentuz lortzen ari da. Atzo, asteartea, junior mailako gizonezkoen Iruñeko Itzuliko lehen etapa jokatu zen, La Morea merkatalgunean hasi eta Mutiloan despeditu zena. Lehia handiko etapa izan zen, azkarra, etengabeko erasoekin. Azkenean, laukote batek egin zuen aurrera, eta bertan zegoen Mikel Uncilla etxarriarra. Taldea aurreratua iritsi zen helmugara, eta esprint oso estuan Kantabriako Isaac Graciak lortu zuen gurpila Mikel Uncillarenaren aurretik sartzea (2:32:48). 

Tropela 2 segundora sartu zen. Aritz Oiarbide (Sakana Group-Aralar) 12. iritsi zen helmugara, Manex Zufiaurre (Sakana Group-Aralar) 56., Aimar Tadeo (Sakana Group-Aralar) 57., Ander Villalobos (Quesos Albeniz-Burunda)  93. eta Asier Etxeberria (Quesos Albeniz-Burunda) 94.

Mikel Uncillak mendiko saria lortu zuen, eta helmugan aitortu zuenez, “lasterketan edozein gauza gerta daiteke, baina helburua irabaztea da. Maila oso ona duten txirrindulariak etorri dira, baina ongi nago eta ikusiko dugu lasterketak zer ekartzen duen”. 

Gaurkoa, bereziena
Gaur Otsagin hasi eta despedituko da Iruñeko Itzuliko bigarren etapa (81 km). Itzuliko etaparik berezienean, Laza gaina eta Las Coronas gaina gainditu beharko dituzte txirrindulariek.