TXARO GARZIANDIA

"Gehiena plazan bizi izan dut nik"

Guaixe 2022ko abu. 1a, 08:08

Txaro Garziandia Iriarte.

Liburutegia punta batean, haurren jolas parkea bestean. Eta tartean bizipen ugari, Txaro Garziandia Iriartek bere gogoko tokian bizi eta gorde dituenak: plaza.

Herriaren erdi-erdian, plazan jarri du hitzordua Txaro Garziandia Iriartek, plazan. "Niretako plazan egotea dena izan da, txikitatik hasita. Hemen gauza guztiak egiten genituen: juergak, musika, dantzak, jendearekin egon, paseoan ibili… denetarik". Etxarri Aranazko plaza luzea da eta hura guztia gustatzen bazaio ere, kioskoa da Garziandiak gehien estimatzen duena, "musikaren aldetik asko bizi izan dudalako". 

Dantzazale handia dela aitortu du Garziandiak, "pila bat gustatzen zait dantzatzea". Etxarriarrek kioskoari buelta ematen dantza egiteagatik ospea badute ere, kioskoaren bueltan "gure garaian, behintzat, beste dantza batzuk ere bazeuden: dantza lotua eta denetarik dantzatzen genuen". 

Dantzarako doinuak bandak, jazbanak edo disko-jogailuak jartzen zituzten galdetuta, etxarriarrak jakinarazi du "lehendabizi" herriko banda zela dantzaldiak eskaintzen zituena. "Ni lau urtez egon nintzen bandan klarinetea jotzen, 14 urtetatik 18 urtetaraino. Bandan jo genuen lehendabiziko neskak hiru izan ginen". Dionisio Diez zen bandako zuzendaria. Musika ikasketak, ordea, Jose Andres Sanchez Gaitanekin hasi zituzten, txistua. Abesbatzan Francisco Villanueva apaizaren zuzendaritzapean aritu zen. Hala ikasi zuen musika. 

Garziandiak azaldu duenez, "plazan, igandero, jotzen genituen garaiko pieza ‘modernoak’. Hiruzpalau txanda egiten genituen, eta arratsalde guztian jende pila egoten zen plazan. Ataundik hasita etortzen ziren arratsalde pasa, autobusean". Bandaren jarduna ez zen horretara mugatzen: "festetan dianak jotzen genituen, prozesioan ere jotzen genuen eta festetan kontzertua egiten genuen. Oso polita izaten zen". 

Kioskoan jotzen egotea eta behean dantzan egotea desberdinak direla aitortu du. "Niri dantzatzea pila bat gustatzen zait. Ondoren, orkestrak etortzen ziren, Jator eta halakoak. Eta denbora guztia dantzan ematen nuen. Ezpartina batzuk erosi eta festa guztiak auzomotojorik ibiltzen ginen. Jakina, gazteak ginen orduan, eta ez zegoen besterik. Musika bukatzean etxera joaten ginen, eta kitto". Plazako zorua lurrezkoa zen, baina kioskoaren bueltan porlanezko zati bat ere bazegoen. Dantzaldi haietan "ezpartina pila hausten genituen, ez baikinen gelditzen, dantza eta dantza". 


 
Kioskoa, eta gehiago
Haren itxura aldaketaren lekuko izan da Garziandia. "Lehen txikiagoa izaten zen; harrizkoa, goian zurak-eta zituen. Behean landareak eta guzti egoten ziren. Txiki gelditu zen eta berria egin zuten, baina ez zen oso ona ere. Oraingoa pila gustatzen zait, oso polita dago orain". Txikitan kioskoan jolastutakoa da ere Garziandia, "asko". 

Urteetan plazako zuhaitzetara igotzea izan da haur etxarriar askoren entretenimendua. "Ni, neska izatean, ez nintzen atrebitzen horrelakotara. Baten bat egoten zen trebe xamar. Baina ni ez; hemen bueltaka ibiltzea, jolasten…" Handitzean "nobiotan" hasi ziren, "nire gizonarekin hemen paseatzen ibiltzen ginen. Makina bat buelta eman ditugu. Edo aulki batean jarrita egoten ginen, hizketan, eta musika entzuten". Garai bateko etxarriarren ohitura gogorarazi du horrela Garziandiak: plazaren luzera guztian aurrera eta atzera paseatzen ziren egun errepidea den zatitik. "Horrela ibiltzen ginen. Kuadrillak ere bai. Neskatoak, behintzat, punta batetik bestera ibiltzen ginen. Ez dakit zenbat ginen, pila bat. Goitik behera, bueltaka, aritzen ginen. Eta musika hasten zenean kioskora etortzen ginen, eta denok hemen egoten ginen, dantzan". 

Plazako aulkietan, senargaiarekin ez ezik, lagunekin ere eserita egona da Garziandia, "ez genuen beste leku aproposagorik. Baina, gustura, hizketan, edo paseatzen". Bera ez da pipa janzalea izan, baina makina bat zaku pipa jan dira plazako aulkietan. Bestalde, Garziandiak plazak feria hartzen zueneko garaia ezagutu zuen. Gaur egun, asteleheneroko azoka hartzen du plazak. Udaletxe pareko zuhaitzen ertzean garai batean festetan suziriak jartzen zituztela gogorarazi du etxarriarrak. "Lurrean zulo batzuk egiten zituzten, urte guztian tapatuta egoten zirenak, haietan makila luze batzuk jartzen zituzten eta goian suziriak. Oso politak izaten ziren". 

Liburutegia dagoen tokian eskola zegoen. "Hemen pasa genuen gure denbora guztia, plazan gora eta behera, jolasean". Atsedenaldian plazara ateratzen ziren. Herri guztian barna ibiltzen ziren, ordean, pote-potera jolasten zirenean. Egungo liburutegitik ez da pasatzen, etxean makina bat liburu dituztelako, "denda jartzeko adina". Etxean ere musika asko dutela gaineratu du. 

Dena asko aldatu dela ziurtatu du. "Orain plazara zerbait edatera joaten gara, eta lagunekin gustura egotera. Herriko ‘egongela’ da plaza niretako. Gustura ibiltzen naiz hemen: itzalean, paseatzen, norbaitekin hizketan, kontzerturen bat baldin badago aditzera etortzen gara…  Gehiena plazan bizi izan dut nik".