Txirrindularitza

Mikel Uncilla, Iruñeko Itzuliko lider berria

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 10:50
Mikel Uncilla, jantzi zuen maillotetako batekin. MARTIN EARLY

Sakana Group-Aralar taldeko etxarriarra hirugarren izan zen bigarren etapako Otsagiko helmugako esprintean eta lau maillota jantzi zituen: liderrarena, erregulartasunekoa, mendikoa eta lehen nafarrarena. Gaur Sakanara sartuko da proba

Nafarroako Itzuliak lider berria du: Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Uncilla Aldasoro etxarriarra. Atzo, asteazkena, Iruñeko Itzuliko bigarren etapa jokatu zen, Itzuliko etapa bereziena, Otsagin hasi eta despeditu zena, bi mendi garrantzitsurekin, Laza gaina eta Las Coronas gaina. 

Uncilla, protagonista
Eguneko ihesaldian sartu zen Mikel Uncilla, helmugarako 30 km falta zirela, beste sei txirrindularirekin. Laza gainean bigarren izan zen Uncilla, eta Las Coronasen lehena, puntu oso garrantzitsuak eskuratuz. Helmugarako 5 kilometroren faltan tropelak ihes egindakoak harrapatu zituen, baina Uncillak atzera ere erasoa jo zuen eta bere atzetik Adria Franquesa (Bikesport-Ford Nicolas) eta Miguel Dominguez (Bathco C.T.) atera ziren. Helmugako esprintean Franquesa gailendu zen (2:02:45), Dominguezen eta Uncillaren aurretik. 

Lau  maillot
Etxarriarrak ez zuen etapa irabazi, baina askoz ere gehiago lortu zuen, lau maillot, zehazki. Itzuliko lider berria da Uncilla (4:35:33), Dominguez 2 segundora duela. Halaber, mendiko maillota, erregulartasunaren maillota eta lehen nafarraren maillota jantzi zituen. 

Gaur, Sakanatik
Gaur, osteguna, Artika Berrian hasi eta Berrioplanon despeditzen den etapa Sakanara helduko da. 17:45ak aldera sartuko da Errotzera, Atondotik. Errotzen Urritzolako bidea hartuko du tropelak, Etxarrenera heldu eta Etxeberrin Madotzera egiteko, 1. mailako Zuarrarrate igo eta Oderitzera iristeko. Mugiro, Muzki eta 3. mailako Ataburuko gaina pasa eta gero, Berioplanoko helmugara iritsiko da. 

Iruñeko Itzulia despeditzeko bi etapa falta dira, eta liderraren maillotari eustea da Uncillaren helburua. “Ostegunean etxeko errepideetatik pasako gara, eta geratzen diren bi etapetan lidergoa ahal bezala defendatu beharko dugu” azaldu zuen Uncillak. 

Aurrekoak: Martinez, Flores eta Etxeberria 
Hemerotekan atzera eginez, Iruñeko Itzuliak hiru txapeldun sakandar izan ditu orain arte. 1990ko edizioa Juan Pablo Martinez de Esteban Etxarri Aranazko txirrindulari gaztearen garaipenarekin bukatu zen. Orain arteko irabazle gazteena da, 16 urte besterik ez zituela irabazi baitzuen. Batez beste 39,354 km orduko egin zuten itzulia parte hartu zuten 19 taldeetako 114 txirrindulariak. Elektra-Aralar taldeko Martinezek hurrengo urtean 1 zenbakiarekin parte hartu zuen lasterketan. 

1993ko Iruñeko Itzuliko azken etapan Iker Flores Urdiaingo txirrindularia lasterketa tenkatzeaz eta ihesaldi ona eragiteaz arduratu zen, Iruñeko Itzulia eskuratuz. Burunda Mapfre-C.C.ko txirrindularia, batez beste, 40,090 km/o-ko abiaduran joan zen. 20 taldek eta 120 txirrindularik parte hartu zuten 7. edizioan. 

Azkenik, 2019 urtean Sakana Group-Aralar taldeko Josu Etxeberriak irabazi zuen Iruñeko Itzulia. Lehen etapan lidergoa lortu zuen iturmendiarrak, hirugarren etapara arte, orduan HTM taldeko Jenson Young britainiarra jarri baitzen lider, Etxeberriari 14 segundoko tartea ateraz. Itzuliko laugarren eta azken etapan bikain erantzun zuen Etxeberriak. Beste 7 txirrindularirekin batera erasoa jo zuen, eta nahiz eta etapan bosgarren izan, Iruñeko Itzulia irabazi zuen, Youngi 31 segundo atera zizkiolako. “Ametsa da, bezperan oso zaila ikusten nuelako. Atzerriko talde oso garrantzitsuan aurrean garaipena Nafarroan geratzea nabarmentzekoa da. Nafarroan kalitatea dago” azaldu zuen orduan. Jon Gil lakuntzarrak (El Caserio Valsay) Kiroltasunaren saria jaso zuen.