Txirrindularitza

Mikel Uncillak Iruñeko Itzuliko lidergoa galdu du

Guaixe 2022ko uzt. 29a, 10:40

Daniel Artero (Bikestone) da lider berria eta Mikel Uncilla hirugarren da, segundo batera. Gaur, ostirala, itzuliko azken etapan, etxarriarrak dena eman beharko du

Atzo, osteguna, Iruñeko Itzuliko hirugarren etapa jokatu zen. Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Uncilla etxarriarrak lider zela ekin zion etapari. Artikatik aterata, etapak aurrera egin zuen eta Atondotik Errotzera heldu zen, Urritzolaraino iritsi eta Etxarrendik Egiarretako bidea hartzeko, handik Zuarrarrateko portua igotzeko. Mikel Uncilla aurrenenen artean zegoen. Baina haizeak tropela talde txikitan banatu zuen. 12 kilometroren faltan Daniel Artero kataluiniarrak (Bikestone) erasoa jo zuen Imanol Aceñarekin batera eta elkarrekin iritsi ziren helmugara, Artero buru zela (2:17:15). 

Uncillarekin zituen 15 segundoko aldea gaindituta, Daniel Artero da Iruñeko Itzuliko lider berria (6:53:03), Imanol Acena bigarren, denbora berean, eta Mikel Uncilla hirugarren, segundo batera. Mikel Uncillak jarraitzen du mendiko txapelketako lider eta lehen nafarra izaten. 

Azken etapa
Gaur Iruñeko Itzuliko laugarren eta azken etapa jokatuko da, Iruñeko udaletxe parean hasi eta El Redinen despedituko dena (118 km). Sailkapena puri-purian dago eta gaurkoa etapa ikusgarria izango da, Iruñeko Itzulia bera dagoelako jokoan. Mikel Uncillak dena eman beharko du.