Futbola

Ez dute nolanahi Goteborg ahaztuko

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 7a, 14:00
Etxarri Aranatz haurren mailako bi futbol taldeko jokalariak Goteborgeko portuan. Gothia Cup futbol torneoan aritzeaz gain, hiria ezagutzeko aukera izan zuten. UTZITAKOA

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteko haurren mailako bi futbol taldeek Goteborgeko Gothia Cup futbol torneo ezagunean parte hartu zuten uztailean, mundu guztitik bertaratutako beste 1.601 futbol talderekin batera. Futbolari gazteendako “esperientzia ahaztezina” izan dela diote Asier Campos eta Aitor Azpiazu entrenatzaileek

Uztailaren 15ean Etxarri Aranazko Kirol Elkarteko haurren mailako bi futbol taldeetako jokalariek, 13 urtekoak eta 14 urtekoak, hegazkina hartu zuten. Asier Camposek, Aitor Azpiazuk, Mikel Zelaiak eta Oihan Mariñelarenak izan zuten 30 futbolari gazteen ardura. Alemanian eskala egin eta gero, Goteborgera (Suedia) iritsi ziren, Gothia Cup nazioarteko futbol torneo ezagunean parte hartzeko. Futbolari etxarriarrendako ahaztuko ez duten esperientzia izan da. 

Proposamen bitxia
Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak ilbeltzean izan zuen Goteborgeko nazioarteko futbol torneoan parte hartzeko proposamena. “San Donato futbol zelaian entrenatzen ari ginela, gizon bat agertu zen futbol koordinatzaileaz galdezka. Etxarri Aranatz Kirol Elkartean futbol koordinatzailearen figura hori ez zegoela erantzun nion; berak ea entrenamenduaren ondoren ea berarekin hitz egin nezakeen eskatu zidan. Lanak bukatuta, Suediako Goteborgeko Gothia Cup futbol torneoan parte hartzeko aukera plazaratu eta bertan aritzea proposatu zigun, eta duela 20 urte baino gehiago Etxarri Aranazko futbol talde batek Goteborgeko torneoan parte hartu zuela ekarri zuen gogora. Nik esan nion gurasoekin eta juntakoekin hitz egingo nuela, eta erabakia guztien artean hartuko genuela. Gizon hori donostiarra da, eta Goteborgen, Parisen eta Italian jokatzen diren nazioarteko futbol torneoetan aritu nahi duten taldeak lotzen ditu espainiar estatuan. Etxarri taldeko gurasoek proposamena oso ongi hartu zuten, eta Goteborgeko torneoan aritzera animatu ginen” laburbildu du Etxarri Aranatz haurren mailako futbol entrenatzaile Asier Camposek. 

Goteborgeko Gothia Cup nazioarteko futbol torneoak sona handia du. Aurten uztailaren 18tik 23ra jokatu zen, eta zenbaki erraldoiak mugitu zituen: 59 herrialdeetako 1.603 taldek parte hartu zuten torneoan, eta guztira 4.131 partida jokatu ziren. Tartean Etxarri Aranazko haurren mailako bi taldeak zeuden, 13 urteko taldea eta 14 urtekoa. “Madrilgo klub bateko zenbait talde, Burgoskoak, Malagakoak… Espainiar estatutik bederatzi talde zeudela uste dut” gaineratu du Camposek. 

Aitor Azpiazu: "Gothia Cup Torneo izugarria da; maila horretako handiena dela diote"

Bidaia lotu
Goteborgera joateko erabakia hartuta, baliabideak bilatzen hasi ziren. “Batetik, pertsonako 350 euro ordaindu beharra zegoen torneoan izena emateko eta Goteborgeko egonaldirako. Bertako eskola batean genuen lo egiteko egoitza, eta uztailaren 18tik 23ra bitarteko gosari, bazkari, afari eta otorduak. Baita ere hirian mugitzeko garraioa –tranbia, autobusak eta beste–. Eta horri bidaia gehitu behar zitzaion. Goteborgeko bidaia merkeena uztailaren 15ean abiatzen zena zen, Alemanian eskala egiten zuena. Eta hori hautatu genuen. Guztira, 700 euro pasatxo ziren partaide bakoitzeko” azaldu du Aitor Azpiazuk. 

Horregatik, dirua lortzeko zenbait ekimen egin zituzten. Etxarri Aranazko gaztetxearen urteurreneko ospakizun asteburuan txosna jarri zuten, eta ikasturte bukaeran bi futbol torneo antolatu zituzten Etxarri Aranatzen. Batean haurren mailako Sakanako futbol taldeek parte hartu zuten, Etxarri Aranatzek, Altsasuk eta Lakuntzako Lagun Arteak, eta beste torneoan Osasuna, Beasain eta Oberena taldeko haurren mailako taldeak lehiatu ziren. “Lortutako dirua laguntza handikoa izan zen. Jokalariendako jertseak egin genituen, Goteborgeko jolas-parkerako sarrerak erosi, lehendabiziko bi eguneko otorduak ordaindu eta bestelako gastuak. Zertxobait soberan geratu zaigu” gaineratu du Azpiazuk. 

Torneo erraldoia
Goteborgera uztailaren 15ean iritsi ziren, torneoa hasi baino bi egun lehenago. Zegokien egoitza zain zuten, baina lehendabiziko bi egunetako otorduak eurek antolatu behar izan zituzten. 30 mutil batetik bestera mugiaraztea ez zen lan erraza izan, baina Asier Campos, Aitor Azpiazu, Mikel Zelaia eta Oihan Mariñelarena moldatu ziren. 

Uztailaren 18an hasi zen futbol torneo erraldoia. “Torneo izugarria da. Beraiek diote maila horretan antolatzen den mundu mailako torneorik handiena dela. 10 urtetik 18 urte bitarteko txapelketa da, kategoriaka jokatzen dena, nesken eta mutilen mailan. Aurten 1.603 taldek jokatzen genuen. Goteborgek ia 600.000 biztanle ditu, eta halako tamainako torneo bat hartzeko azpiegitura nahikoa, egoitza mordoa zegoen” aipatu du Azpiazuk. “Gure kategorian, 13 urteko haurren mailan, uste dut 160 talde inguru ginela” gaineratu du Camposek. 

Torneoko antolaketari dagokionez, kategoria bakoitzean talde guztiak lau taldeko multzoetan banatu zituzten. Hasieran multzoko ligaxka jokatu zen, eta bi talde hoberenek aurrera egin zuten. Ondorengo ligaxkako kanporaketak zuzenak ziren eta soilik irabazleek egiten zuten aurrera, uztailaren 23an jokatu ziren finalera heldu arte. Etxarri Aranazko bi taldeek hasierako multzoko ligaxkan aurrera egitea lortu zuten. 

Asier Campos: "Pozik gaude egindako lanarekin. Maila ona eman genuen"

Multzoen ligaxka gaindituta, pozik
13 urteko haurren mailako Etxarrik taldeburu gainditu zuen multzoko lehen ligaxka. “Lehen partida Járla talde suediarren kontra jokatu genuen eta 6 eta 1 irabazi genuen; bigarren partida Prep Schools Lion Purple ingelesen kontrakoa izan zen eta 1 eta 2 irabazi genuen eta hirugarren partida izan zen estuena, baina bana berdindu genuen BK Häcken talde suediarren kontra. Taldeburu gisa aurrera egin genuen txapelketan, eta ondorengo ligaxkan Karbener talde alemaniarra izan genuen lehen arerioa. Tamalez, 3 eta 5 galdu genuen eta torneotik kanpo geratu ginen” azaldu du Asier Campos entrenatzaileak. 

Aitor Azpiazu: "Harrituta geratu ginen Goteborgen zegoen giroarekin. Bizi-bizi zegoen"

14 urteko haurren mailako Etxarrik lehen fasea bi partida irabazita eta bat galduta gainditu zuen. “Suediako Husie taldeari 1 eta 0 irabazi genion, Collège St. Justin Levallois talde frantziarrari 0 eta 2, baina IFK Uddevalia talde suediar indartsuaren kontra 4 eta 1 galdu genuen. Oso talde potentea zen” dio Aitor Azpiazuk. Hurrengo fasean Suediako Qviding FIF 2 taldearen kontra berdindu egin zuen Etxarrik, baina penaltietan galdu eta gero torneoari agur esan behar izan zioten. 

Hala ere, etxarriarrak pozik daude egindako lanarekin. “Herri txiki batekoak izanda, errespetu handiz joan ginen torneora, beldur pixka batekin, egia esan. Eta harrituta gelditu ginen maila ona eman genuelako. Talde oso potenteak zeuden, baina baita gurea baino maila baxuagoa zutenak ere. Denetatik zegoen. Ildo honetan, Goteborgekoa torneo oso aproposa iruditu zitzaigun, ez delako oso elitista eta talde xumeei lehiakorrak izateko aukera ematen dielako. Guri talde oso potente bat egokitu zitzaigun, IFK Uddevalia talde suediarra, baina beste taldeekin oso paretsu ibili ginen. Maila eman genuen” dio Azpiazuk. Iritzi berekoa da Campos. “Gure multzoan oso paretsu ibili ginen. Járla talde suediarraren kontra izan ezik, horiei erraz irabazi baikenien. Baina gainontzeko partidak oso parekatuak izan ziren. Agian beste multzoetan talde hobeak zeuden, baina gurean gehienak antzekoak ziren” gaineratu du. 

Asier Campos: "Lana eta ardura da, baina euren alaitasuna ikustea sekulakoa da"

Turismoa eta lagun mexikarrak
Torneoan aritzeaz eta futbolaz gozatzeaz gain, Goteborg ezagutzeko aukera izan zuten gazte etxarriarrek. Bertako jolas-parke erraldoira joan ziren eta Goteborgek inguruan dituen irlak ikusi zituzten. Horretaz gain, azken egunean jokatu ziren zenbait final ikusi zituzten, arratsaldeko itzulerako hegaldia hartu baino lehen. Halaber, beste herrialdeetako lagunak egin zituzten etxarriarrek, eta hamaika esperientzia bizi. “Beraiendako esperientzia oso polita izan da. Egoitzan hainbat herrialdetako taldeak zeuden, eta mexikarrekin oso harreman ona egin zuten. Oso jatorrak ziren. Hasieran nesken taldeko mexikarrekin egin zuten harremana, baina gero mutilekin. Egun osoa zeuden elkarrekin” dio Azpiazuk. 

Toki guztietakoak
Izan ere, mundu guztiko jokalariak biltzen dira Goteborgeko Gothia Cup futbol torneoan. Europarrez gain “Brasil, Etiopia, Guatemala, Uzbekistan, Hegoafrika… denetarik. Hegoafrikako nesken talde bat etortzen zait burura, guztiek batera kantatzen zuten. Bitxia zen. Mexikarrak oso jatorrak ziren, bere txanoarekin handik hona… bitxia zen” diote. 

Gozamen hutsa
Goteborgekoa “esperientzia ahaztezina” izan da Etxarriko futbolariendako. “Asko gozatu dute, eta guretako hori izan da pozgarriena” diote. Asier Camposek, Aitor Azpiazuk, Mikel Zelaiak eta Oihan Mariñelarenak ere ongi pasatu dute, baina 30 mutilen ardurak badu bere zama. “Lehendabiziko bi egunetan ez genuen jangelarik eta gosaltzeko eta bazkaltzeko 34 pertsonendako tokia bilatzea eromena izan zen, baita hirian barna mugitzea ere, jende asko ginelako” diote. Horri gaztetxoen pasadizoak gaineratu behar zaizkio. “Gauean beste taldeko lagunekin elkartu eta zarata ateratzen zutela, korridorean baloiarekin jolasten ari zirela eta ezin zela... gazteen txikikeriak, aparteko ezer ez, baina, badakizu, ardura hori” dio irribarrez Camposek. 

Goteborg bizi-bizi
Aste batean, emozio asko. “Pentsa, aste osoan handik hona gelditu gabe ibili ginen. Nagusiek soilik bigarren ostiralean hartu genuen tarte bat taberna batera pote bat hartzera joateko. Atera kontuak nola ibili ginen! dio irribarrez Camposek. “Bai, eta harrituta geratu ginen Goteborgen zegoen giroarekin. Uste genuen denak etxean sartuta egongo zirela, ez zela girorik egongo, eta ez dakit uda zelako edo txapelketa horrek giro berezia sortzen duelako, kontua da justu kontrakoa izan zela: sekulako bizia zegoen kalean, jende mordoa, tabernak eta jatetxeak beteta…” nabarmendu du Azpiazuk. “Gainera, egun horretan Iron Maiden taldearen kontzertua zegoen gertu eta giroan nabaritzen zen” gogoratu du Camposek.  

Taldeko entrenatzaile izateaz gain, gurasoak dira Campos eta Azpiazu, eta euren semeek esperientzia hori bizi izatea oso berezia izan da eurendako. “Beste behin halako bidaiarik edo ekimenik egitea erabakitzen bada, gustura joango naiz, nahiz eta guretako lana eta ardura izan. Oso polita izan delako gure semeek eta euren taldekide guztiek bikain pasatu dutela ikustea. Eurendako esperientzia ahaztezina izan da, eta euren alaitasuna ikustea sekulakoa izan da guretako” dio Camposek. Eta ez da gutxiagorako. Oporrak pasata, orain 2022/2023 futbol denboraldian murgilduko dira, eta denboraldiaren gurpil zoroa martxan jarriko da berriz.