Denboraren igarotzeaz

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ira. 6a, 12:34

Akira Yoshida dantzaria. RAFAEL ARENAS

Akira Yoshida iruindarrak Etxarri Aranazko kultur etxean arte erresidentzia egin du abuztuan. 'Together to get there' proiektuaren lehenengo urratsak eman ditu, eta udazkenean aurkeztu nahi du. Dantzariak break-a eta garaikidea uztartzen ditu.

Haurra zenean, Akira Yoshida Otsagabian, Beran eta beste hainbat herri "txikitan" bizi izan zen, ama irakaslea zelako, eta askotan lekualdatzen zirelako. "Herri txiki batean nagoenean, badago zerbait bake handia ematen didana. Badago sentsazio bat kontzentratuago lan egitera eramaten nauena". Etxarri Aranatzen hilabeteko arte erresidentzia egin du kultur etxean, eta Together to get there lanaren lehenengo urratsak eman ditu. Abuztuaren amaieran orain arte sortutakoaren erakustaldia egin zuen, baita bi ikastaro eskaini ere. Lana amaituta, herriko jatetxe batera joaten zen eta bertakoen "gertuko harremana" miresten zuen. "Lasaitasuna" nabaritzen zela dio.

Break dance eta dantza garaikidea estiloak uztartzen ditu Akira Yoshida dantzari iruindarrak. Break dance dantzatzen hasi zen lagunekin, "dantzaren plazerarengatik". 23 urte zituela, dantza "serioago" hartzen hasi zen, eta beste gauza batzuk ikasteko "irekiago" zegoela azaldu du, "eta, bat-batean, lagun batek dantza garaikideko pare bat urrats irakatsi zizkidan, eta unibertso bat ireki zitzaidan". Dantza garaikidea ikertzen hasi zen, eta 24 urterekin Austriara dantza ikasketak egitera joan zen. "Ordutik, dena nahasten nabil. Break danceak eta garaikideak elkarrekin aritzeko potentzia handia daukate. Oso dantza irekiak dira; hortaz, askatasun handia dute bien artean elkar elikatzeko". Dantzariak uste du bi estilo horiek uztartzeak karrera amaitzean lana izaten lagundu diola. "Geroz eta jende gehiago dago hori egiten, baina oraindik lengoaia oso berritzailea izaten jarraitzen du, eta, beraz, oso deigarria da".

Bi estiloak elkarrekin ongi aritzen dira, baina, kanpotik ikusita, oso kontrakoak dirudite. "Garaikidea ikasten dutenak askoz akademikoagoak dira. Ballet, modernoa eta garaikidea, edo zuzenean garaikidea, ikasten dira. Normalean, horretan lan egiteko helburuarekin egiten diren estiloak dira. Oso jende gutxik lan egiten du break-aren munduan . Lagunekin elkartzea eta entrenatzea da". Meditazio bat bezalakoa dela esan du Yoshidak. "Espazio bat da, jolas bat, non bakoitza bere emozioekin eta gorputzarekin gustura gelditzen den".

Erresidentzia
Nafarroako Gobernuaren DNA Dantza Garaikidea sustatzeko programaren barruan egin du Akira Yoshida dantzariak erresidentzia Etxarri Aranazko kultur etxean. "Ongi egon da, baina egon dira gertatu diren gauza batzuk Etxarri Aranatzekin zerikusirik izan ez dutenak". Prestatu behar zuen lana bikote-lana zen, baina herrira iritsi eta gutxira, lankideak esan zion ezin zuela jarraitu. "Egon dira zenbait aldaketa, baina horiek Nafarroako Gobernuarekin adostu behar izan ditut". Beste lagun bat bilatu behar izan zuen, eta lagun hori Hego Korean dago. "Entseguak online egiten genituen, eta orain urrian hasiko gara elkarrekin entseatzen". Udazkenean lana amaitu behar du, eta Etxarri Aranatzen aurkeztu nahi luke.

Hilabetean zehar sortutakoarekin erakustaldia egin zuen Etxarri Aranazko kultur etxean, abuztu bukaeran, eta bi ikastaro ere eskaini zituen Yoshidak. "Lehenengo egunean jende gutxi gerturatu zen, baina bigarren egunean egondako horiek lagunak ekarri zituzten, eta jende gehiago zegoen. Aurretik esan zidaten nahiz eta sare sozialetan eta abarretan iragarri, gehienbat ahoz ahokoak zuela garrantzia".

Etxarri Aranatzen Together to get there (Elkarrekin bertan egoteko) ikuskizunaren lehenengo urratsak sortu ditu. "Bere garaian hitz horiek idatzi nituen pentsatzen together hitza (elkarrekin) hortik zetorrela. Gerora begiratu nuen, eta uste dut zerikusirik ez duela. Baina toki batera iristeko osotasun baten bidez iristen zarela bezala irudikatzen dut. Orain dantzan lan egiten dut, baina hori lagunekin eta familiekin lortu dut". Batura eta laguntza garrantzitsuak direla sinesten du dantzariak. "There horrek noraino iristen garen esan nahi du. Mugara iristea. Lehenengo bikotekidearekin nola iritsi ikusi nahi genuen. Bioi fisikalidadea gustatzen zaigu, eta ez etsitzea. Bukaeraraino iristea, nahiz eta oso nekatuta egon". Lan hilabete honetan there hori transformatu dela azaldu du Yoshidak: "Aurrera egin leku batera iristeko, baina zertarako? Batzuetan aurrera egin nahi duzu, eta atzera egiten duzu. Gorputzarekin dena ematen duzu, baina, bat-batean, lesio bat izan dezakezu. Konturatu eta garatu nahi dugula beti, baina oso absurdoa dela".

"Atzera begiratzen dugu eta haurra izatea izugarria dela pentsatzen dugu"

Horren harira, dantzariak testu bat sortu du: "Txikia nintzela oso xumea zen dena, eta oso zoriontsu nintzen. Zoriontsu nintzen, eta ez nintzen konturatzen. Otsagabian bizi nintzela oso zoriontsua nintzen. Mendira joaten nintzen, ibaira... Gutxirekin bizitza beteta nuen. Orain heldua naizela, maite dudan lana daukat, baina asko bidaiatzea dakar lan horrek, hegazkin asko hartzea...". Pentsamendu hau ez da bakarrik norberarena, "gizarte osoarena” dela uste du: "Garatu nahi dugu, baina atzera begiratzen dugu eta ikusten dugu haurra izatea oparia zela". Hortik doa Together to get there lana.

Yoshidak erresidentzia orri txuri bat bezala hartu zuen. "Intuizioan sinesten dut, eta burutik pasatzen zaidan guztia probatzen dut: mugimendu bat, materiala...". Kultur etxean zeuden zenbait elementu hartu zituen. Maleta bat ere eraman zuen, eta harekin jolasean aritu zen. Kontrakoetara jotzea gustatzen zaio ere, kontzeptu bat hartu eta kontrakoa ateratzea, eta gero hasierako kontzeptura itzultzea. "Horrela lan egiten dut, pixkanaka estruktura osatzen".