Txirrindularitza

Mikel Uncilla Beasaingo Proban bigarren

Guaixe 2022ko ira. 8a, 12:33
Mikel Uncilla Villatuertan irabazi eta Euskal Herria Txapelketa irabazi zuenean. UTZITAKOA

‘Klasika Premundial’ izenarekin ezagutzen den junior mailako lasterketa ezagunean etxarriarrak lan ederra egin zion eta soilik Abel Odonek aurreratu ahal izan zuen esprintean

Igandean junior mailako XLI. Beasaingo Proba jokatu zen, gazteen mailako egutegiko proba garrantzitsuenetako bat. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatuta, “Klasika Premundial” gisa izendatzen dute proba, eta estatuko talde garrantzitsuak hurbildu ziren 115,2 km eta bost portu –3. mailako Liernia, bitan, 3. mailako Altzo, eta 2. mailako Olaberria, bitan– zituen lasterketa gorabeheratsua osatzera. 

Erasoak izan ziren Beasaingo Probako ezaugarririk garrantzitsuena. Horietako batean, sortu zen, hain zuzen ere, taldeburu arrakastatsua, eta beste behin bertan sartu zuen muturra Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Uncilla Aldasorok. Etxarriarrak ongi eutsi zion, baina helmugako esprint estuan ezin izan zuen Bathco taldeko Abel Odon Rosado gailendu (2:45:22). Bigarren postuarekin eta mendiko sailkapenarekin konformatu behar izan zuen etxarriarrak. 

Hortik aurrera, zatikatuta iritsi zen tropela. Adrian Martinez (Sakana Group-Aralar) 31. sartu zen, Manex Zufiaurre (Sakana Group-Aralar) 69. eta Alex Lopetegi (Sakana Group-Aralar) 80. Guztira 83 txirrindularik lortu zuten sailkatzea, eta 52 erretiratu egin ziren. 

Euskal Herria Txapelketako irabazlea
Mikel Uncilla denboraldi bikaina egiten ari da. Junior mailako Euskal Herria Txapelketako irabazlea da, abuztuaren 13an Villatuertan jokatutako azken proba puntuagarria irabazi eta gero. 2 segundogatik Iruñeko Itzulia ez irabaztearen arantza kendu zuen etxarriarrak, baina bigarren izan zen Nafarroako proba ezagunean, lehen nafarra, eta erregulartasunaren saria lortu zuen. Horretaz gain, Espainiako errepideko txapeldunordea da, junior mailan.