Ikastaro eskaintza zabala

Guaixe 2022ko ira. 12a, 11:15
Kognizio estimulazio ikastaroan egindako lanak Etxarriko artisten erakusketan ikusgai. ARTXIBOA

Izena ematea asteartean despedituko da. Izena emateko inprimakiak eta araudia eskuragai daude udaletxean, astegunetan 10:00etatik 14:00etara, , 948 460 004 telefono zenbakira hots eginda edo erregistroa@etxarriaranatz.eus e-posta helbidera idatzita.

Etxarri Aranazko Udalak ikastaro sorta prestatu du ikasturte berrirako. Guztiak ere lastailaren 10etik aurrera hasiko dira. Yogan aritu nahi dutenek astearte eta ostegunetan izanen dute aukera, kultur etxean. Bi talde osatuko dira: 09:15etik 10:45era eta 11:00etatik 12:30era. Matrikula 225 eurokoa da. Gimnasia lasaia egin nahi dutenek astelehen eta asteazkenetan izanen dute hitzordua ikastolako gimnasia gelan 16:00etatik 16:55 era. Parte hartzeagatik 115 euro ordaindu behar dira. Tonifikazio ikastaroa ere astelehen eta asteazkenetan izanen da. Bi talde daude: bata 17:00etatik 17:55era ariko da ariketa egiten eta bestea 19:00etatik 19:55era. Ikastolako gimnasia gelan izanen dira saioak eta ikastaroagatik 185 euro ordaindu beharko da. Pilates egin nahi dutenek astelehen eta asteazkenetan,  18:00etatik 18:55era, dute hitzordua ikastolako gimnasia gelan. Matrikula 185 eurokoa da. 

Sei urtetik gorako etxarriarrei zuzendutako zirku tailerra ere badago. Lastailetik maiatzera bitarteko astelehen guztietan eginen da eskolako psikomotrizitate gelan. Bi talde izanen dira: 17:00etan bata eta 18:00etan bestea. Ikastaroak 70 euro balio ditu. Pinturan trebatu nahi dutenek asteartean izanen dute aukera 15:15etik 17:15era kultur etxean. Lastailetik maiatzera iraunen duen ikastaro horren matrikula 185 eurokoa da. Bestetik, kognizio estimulazio ikastaroa ere izanen da ikasturte honetan. Zahartze aktiboa sustatzeko tailerra astearte eta ostegunetan izanen da 11:30etik 13:00etara, lastailetik maiatzera. Izen emateak 225 euro balio ditu. 

Berrerabiltzearen artea eta joskintza ikastaroa ere izanen dute aukeran etxarriarrek. Aurretik aritu direnak asteazkenetan 16:30etik 18:30era ariko dira eta ikastaroan estreinakoz izena eman dutenak, berriz, ostegunetan, ordu berean. Bi saioak kultur etxean dira. Hiketan ikasteko ikastaroa, berriz, larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara, izanen da kultur etxean, lastailetik abendura. Izen emateak 35 euro balio ditu. Bestalde, Etxarri Aranazko Udalak gogorarazi du euskara ikasteko ikastaroak eskaintzen dituela AEK-k. Oinarrizko maila eta B2 mailako (astelehenetik ostegunera) ikastaroak hasiko dira. Aurrenekoaren egunak eta orduak taldeko kideek erabakiko dituzte. Euskara ikasten dutenek matrikula %100an diruz lagunduta dute. Mintzakide taldeen bidez hiztunek dakiten euskara praktikatu eta jarioa hobetzeko aukera dute. Interesa dutenek 948 468 258 telefonora hots egin dezakete. Izen ematea musutruk da. 

Azkenik, jubilatuek oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzeko ikastaroa izanen da aste honetan. Saioak kultur etxean eginen dira, 15:00etatik 19:00etara. Ikastaroa doan da. Interesa dutenek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera hots egin behar dute, 948 460 752 telefono zenbakira.