pilota

Josu Igoaren uda bikaina

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 13a, 12:04
Josu Igoa eta Antton Apezetxea, Donostiako Antiguako torneoa irabazi berritan. UTZITAKOA

Oberenan jokatzen duen pilotari etxarriarrak afizionatuen mailako udako bi torneo garrantzitsu irabazi ditu: Zumaiako Dinastia Etxabe eta Donostiako Antiguako Txapelketa

Josu Igoa Lopez de Agileta pilotari etxarriarra afizionatuen mailako perletako bat da. Oberena klubean jokatzen duen sakandarrak uda bikaina ondu du, egutegiko izen handiko bi torneo irabaziz: Zumaiako Dinastia Etxabe torneoa eta Donostiako Antiguako Txapelketa. 

Abuztuaren erdialdean jokatutako Zumaiako Dinastia Etxabe Torneoko finaleko 23 urtez azpiko mailan Josu Igoak Iñigo Erlerekin (Lapke) osatu zuen bikotea. Aurkari gogorrak zituzten: Unai Mata bere taldekidea (Oberena) eta Aimar Ibarloza (Markina). Beroketa ariketetan txorkatila bihurritu zuen Matak, eta ezin izan zuen %100ean aritu, baina zuen guztia eman zuen eta partida ederra eskaini zuten lau pilotariek. Azkenean, Igoak eta Erlek, hain zuzen ere Altsasuko Otadiko Kristo Deuna Torneoko finalistetako bat denak, 22 eta 14 hartu zituzten mendean Mata eta Ibarloza, eta Zumaiako torneo ezaguna irabazi zuten. 

Bestalde, Donostiako Antiguako Txapelketako finalerako sailkatzea ere lortu zuen Josu Igoak. Kasu honetan, Antton Apezetxearekin (Umore Ona) osatu zuen bikotea. Irailaren 3an jokatu zen finalean, bikoteak Aingeru De la Fuente (Buruzgain) eta Josu Irurita (Oberena) izan zituen aurkari. Igoak eta Apezetxeak nola jokatu oso argi zuten, eta hasieratik hartu zuten aldea. Atzeko koadroetan Apezetxea nagusitu zen, eta aurrean Igoa fin ibili zen eta denetariko tanto ederrak josi eta gauzatu zituen. Horrela, Irurita bere eremutik atera zuten eta tantoak pilatzen hasi ziren, azkenean 22 eta 10 irabazi arte.