Astekaria

Ekopasagune batek Aralar eta Urbasa-Andia Aritzalkon lotuko ditu

Singapurko ekoduktoa. UTZITAKOA

Bi mendiak Natura 2000 sarekoak eta Kontserbazio Bereziko Eremuak dira. Espezieen kontserbaziorako bi mendien lotura ezinbestekoa da. Autobia eta errepidearen gainean eginen den zubiak abereak batetik bestera ibiltzeko aukera emanen du.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko teknikariek aspaldi dute begiz jota Etxarri Aranazko Aritzalko basoa. Izan ere, Sakana iparraldean eta hegoaldean dauden mendien arteko lotura egiten du hariztiak. Teknikariek egindako ikerketak ere gauza bera berretsi zuen: Aritzalko parean abere ugari hiltzen ziren ibilgailuak harrapatuta, beste tokietan baino gehiago. 

Ikerketa horrek agerian utzi du ibarrean dauden azpiegiturak (autobia, errepideak, trenbideak) oztopo handia direla fauna ornodunaren joan-etorrietarako. Teknikarien iritziz, azpiegitura horiek hedatze fasean dauden espezie oso ezagunen hedapenari eragiten dizkie eragozpenak, esaterako, orkatzari. Aralar eta Urbasa-Andia "espezie ugari kontserbatzeko oso garrantzitsuak" direla azpimarratu dute teknikariek. "Horregatik da bien arteko konektibitatea funtsezko elementua beren kudeaketa planetan", nabarmendu dute. Ugaztunen populazioen arteko genetika trukea erraztuko luke pasaguneak eta harrapaketak saihestu. 

Horregatik, "lurreko espezieen fluxu egokia lortzeko", Sakanako Autobiaren (A-10) eta NA-2410 errepidearen "iragazkortasuna bermatzeko", haien gainetik pasabide bat eraikitzea egoki jo dute. Hori Aritzalkon egitea erabaki dute "bertan hurbiltzen baitira gehien landaredi naturala eta zuhaitz estaldura autobidearen bi aldeetara". Eta hala berretsi dute GAN-NIK enpresa publikoak egindako simulazioek ere. "Gainera, lurraren topografiak nabarmen erraztuko ditu ekoduktua eraikitzeko lanak", azpimarratu dute departamentutik.

Gobernuak dirulaguntza eskaera egin zuela jakinarazi zion lehenik Etxarri Aranazko Udalari. Eta, jaso ondoren, Itziar Gomez Lopez kontseilariak eta bere lantaldeak egitasmoari buruzko azalpenak eman zizkien lurren jabe diren udaleko eta han soro bat duen familia baten ordezkariei. Udaberri akaberako bilera horretan, besteak beste, soroa ahalik eta gutxien ikutzeko proposamenak egin zituzten etxarriarrek. Silvia Marañon Chasco alkateak azaldu duenez, "haien proiektua da eta haiek eginen dute. Baina jarrera ona izan dute eta egindako ekarpenak kontuan hartu zituzten". 


Etxarriko ekoduktuaren irudikapena.

Faunarendako pasabidea egiteko foru administrazioak 26.000 metro karratu inguru desjabetuko ditu. Haietatik 20.600 m2 inguru udalarenak dira: 16.210 m2 Aritzalkon eta gainontzekoa Auntzasoro dermioan. Beste 5.400 m2-ak familia horrek Auntzasoron duen soro eta zuhaitzak dira. Proiektua behin behinean onartu ondoren, lurrak desjabetzeko prozedura abiatu du departamentuak eta jendaurrean hilabete bukaera arte egonen da. Epe horretan, egokitzat jotzen diren ohar edo alegazioak egin daitezke. 

Ekoduktu egitasmoa
Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzetarako (REACT-EU) Europako funtsen inbertsio-proposamenen barruan dago egitasmoa. Bost milioi euroko aurrekontua du eta lanak 2023ko akaberarako despedituta egon behar dute. Aritzalkon Javier Eseberri Arraras zena gogoratzeko oroigarria dago (lehen Korrikan parte hartu ondoren, etxera bueltan autoak harrapatuta hil zen). Departamentuak jakinarazi duenez, pasaguneak puntu horretatik Etxarrirantz 63 metroko zabalera izanen du. Eta autobiaz beste aldean Etxarrira ateratzeko irteera hasten da eta, ondoan, dagoen Auntzasoro dermioko hariztia eta soroak daude. Bi aldeak lotuko dituen ekoduktuak  100 metro baino gehiagoko luzera izanen du. Haren eraikuntzak Agarabiako bidea hegoalderantz eramatea ekarriko du, autobia egiterakoan egin zen lur pilaketaren gainetik. 175 bat metro bide berri eginen lirateke. 

Pasabideari dagokionez, hiru bao edo begi izanen ditu: autobiako noranzko bakoitzean bana eta beste bat errepide gainean. Autobia gainean 7,23 metroko altuera izanen du. Ekoduktuari eusteko egiturak pilareak eta PI habeen taula izanen ditu, eta 60 metro inguruko luzera estribuen artean. Taulak 63 metroko zabalera izanen du eta 26 PI habe. Habe horiek metro bateko luzera izanen dute eta 0,25 metroko lodiera duen hormigoizko lauza.


Aritzalkon eraikiko den ekoduktuaren irudikapena.

Hormigoizko pilareen 2 formazio paratuko dira, 11 fustez osatuak. Fuste bakoitzak kapitela izanen du, eta haien artean 6 metroko tartea egonen da. Pilareek 8 metro inguruko altuera izanen dute eta hormigoizko zapata jarraitu bat. Hormigoizko estribuak bide-korridorearen bi aldeetan paratuko dira, eta horma osagarriak izanen dituzte, aurrealdeko hormei jarraitutasuna emateko; hori guztia, ekodukturako sarbidea izanen diren lur-betegarriei eusteko.

Bestetik, Iruñea eta Gasteiz Abiadura Handiko Trenaren bidez lotzeko egitasmoaren zirriborroak espazio horri ere eragiten dio. Izan ere, zirriborro horren arabera Aritzalko pasata trena ibarraren hegoaldetik iparraldera pasako litzateke, goi tentsioko argindar lineak egiten duen moduan. 

Harrapaketak
Sakanako Autobian (A-10) 147 animali harrapatu dituzte 1998 eta 2019 artean teknikariek egindako zenbaketaren arabera. Ziurrenik gehiago izan direla nabarmendu zuten. 147ko zerrenda horretan honako animaliak daude: 29 basurde, 25 orkatz, 24 lepazuri, 22 azeri, 21 azkonar, 9 basakatu, 7 katajineta, 5 erbi, 2 lepahori, 2 biso Europa eta igaraba bat.