Aizkora

Aritz Oiarbide Erdozia, Euskadiko txapelduna, alde handiz

Guaixe 2022ko ira. 20a, 11:30
Aritz Oiarbide, bere aitona eta aizkora irakasle Juanito Erdoziarekin. UTZITAKOA

Aizkolari etxarriarrak Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa irabazi zuen igandean Muruetan

Irailaren 11n Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatutako Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketako finala jokatu zen Muruetan (Bizkaia). Bertan lehiatu zen Aritz Oiarbide Erdozia etxarriarra, bezperan juniorren mailako Lukingo txirrindularitza lasterketan aritu eta gero. Manex Izagirre bizkaitarra eta Igon Pikabea gipuzkoarra zituen arerio eta egin beharreko lana hurrengoa zen: bi kanaerdiko eta lau 45 ontzako erdibitzea. “Final zaila” izango zela aurreikusten zuen etxarriarrak. 

Bero handia zegoela ekin zioten hiru aizkolariek lanari. Beroa, hori izan zen etsairik nagusiena, eta egoerari hobeki egokitu zena Aritz Oiarbide Erdozia etxarriarra izan zen. Juanito Erdozia aitona alboan zuela ekin zion lanari, eta denborak aurrera egin ahala, aurrean kokatzea eta arerioei geroz eta alde gehiago ateratzea lortu zuen. Azkenean alde handiarekin Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa irabazi zuen (21:21), Igoin Pikabeari lau minutu pasa aterata (25:48). Manex Izagirre hirugarren sailkatu zen (29:14). 

“Uste baino gogorrago egin zitzaidan proba, beroagatik. Bero handia zegoen, izugarria” dio Oiarbidek. Beraz, egindakoarekin oso kontentu dago. Baita Sakanako Aizkora Eskolako arduradun Juanito Erdozia bere aitona ere. 

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketan txapeldunorde izan eta gero iritsi zaio Oiarbideri Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa irabazteko tenorea, eta aizkora eta bizikleta uztartzen jarraitzeko asmoa du.