Txirrindularitza

Mulu Kinfe Hailemichael, Lehendakari Trofeoko irabazlea

Guaixe 2022ko ira. 20a, 12:48
Mulu Kinfe Hailemichael taldekideekin, tartean Ion Erdozia etxarriarra. RURAL KUTXA-ALEA

Larunbatean Oñatin jokatu zen txapelketarako baliagarria zen azken lasterketa

Afizionatuen mailako Lehendakari Trofeoa irabazi du Etxarri Aranatzen bizi den Mulu Kinfe Hailemichael etiopiarrak. Txirrindulari ohia eta egun txirrindularien ordezkaria den Egoi Martinezen apopiloak denboraldi bikaina ondu du eta merezitasun osoz lortu du saria. 
Oñatiko lasterketari dagokionez, Lizarte taldeko Pablo Castrillo izan zen irabazlea, baina Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak lan ederra egin zuen eta Mulu Kinfe Top-Tenean sailkatu zen, beharrezko puntuak lortuta. Lehendakari Txapelketak Rural Kutxaren eta Mulu Kinferen erregulartasuna saritu du. 

Lehendakari Trofeoko txapeldunak adierazi duenez, “oso eskertuta nago Rural Kutxa-Seguros RGA  taldeko kide guztiekin, aparteko lana egin dutelako Lehendakari Txapelketako sailkapen orokorra lortu ahal izateko. Denboraldi bikainari ginga jartzea izan da. Oso eskertuta nago taldearekin” nabarmendu du etiopiarrak. Jakina, ez du Egoi Martinezen babesa ahaztu. “Eskerrik asko Egoi Martinez eta familia guztiari” gaineratu du sare sozialetan. 

Mulu Kinfe Hailemichaelek sei garaipen lortu ditu, makina bat podium eta datorren urtean profesional mailara egingo du salto.