Askek margotzeen ezabatzea salatu du

Guaixe 2022ko ira. 27a, 11:29
Hiltegi zaharrean egindako pintaketa. ASKE

Amnistiaren aldeko aldarriaren kontrako ″jarrera oldarkorra″ egotzi dio udalari. Udaletik azaldu dute hiltegi zaharra urtero margotzen dutela eta, horregatik, kendu zituztela margotzeak. Gobernu ordezkaritzaren errekerimenduak ere badaudela jakinarazi du.

Aske antolakundeak jakinarazi zuenez, amnistiaren, presoen, errefuxiatuen eta iheslarien aldeko margotzeak eginez kanpaina egin zuen festen aurretik. Aste batzuk pasa ondoren margotze horiek udalak ezabatu dituela gaztigatu du Askek. Antolakundeko kideek azaldu dutenez, ″nahiz eta herrian zehar era horretako margotzeak egon, bakarrik mezu zehatz batzuk ezabatzeko hautua egin dute. Margotzeak behin eta berriro egin eta hurrengo egunetan haiek ezabatuak izaten dira″. Horregatik, Askeko kideek ″gure antolakundearen eta amnistia aldarrikatzen duen edonoren kontra udalak erakutsitako jarrera oldarkorra″ salatu du, gaineratuz, ″herrian bertan jasaten dugun errepresioa onartezina″ dela. 

Etxarri Aranazko Udaletik jakinarazi duenez, hiltegi zaharra urtero margotzen da eta lan horien baitan ezabatu ziren eraikineko margotze guztiak. Gaineratu dutenez, Guardia Civilak egindako txostenetan oinarrituta, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzatik maiz margotze jakin batzuk ezabatzeko errekerimenduak jasotzen dituzte. Horietan halako kalean edo halako eraikinean dauden margotzeak ezabatzeko exijitzen da. Amnistiaren ikurra ezabatzeko exijitzen duenean, esaterako, gobernu ordezkariak argudiatzen du Amnistiaren Aldeko Batzordeak legez kanporatutako erakundea dela eta haren ikurra dela margotua dagoena. Udalak eraikin publikoen kasuan ezabatu egiten ditu, eta, pribatuak badira, haien jabeei errekerimenduaren berri ematen die.