Goi ur hornidurako sarea konpontzera

Guaixe 2022ko ira. 28a, 09:30
Etxarri Aranazko ur biltegia. ARTXIBOA

Etxarri Aranazko Udalak Amaiturrietatik ur biltegira joaten den hodia berritu du.

Nafarroako Gobernuaren despopulazioaren kontrako dirulaguntza batek Etxarri Aranazko Udalari aukera emanen dio aurten aurreikusia ez zegoen lan bat egiteko: Amaiturrietatik ur biltegira arteko ur hodi sarea konpontzea. Bargako iturburutik Artola dermioan dagoen ur biltegira doan hodiak 500 bat metroko luzera du. Garai batean mikrozementuz egindako hodia zaharra da, hainbat haustura eta ur ihes ditu eta horiek konpontzeko eginen ditu udalak lanak. Heldu den urtean hasiko dira lanak. Guztiaren aurrekontua 296.805,47 eurokoa da eta dirulaguntza 198.261,72 eurokoa. 

Aurki kisusgileak musika eskolan lanean hasiko direla jakinarazi du Silvia Marañon Chasco alkateak. Igogailua jarriko dute ikastetxean, eta urte akaberarako erabilgarri izanen da. Bestalde, udal eraikina da Sakana hiltegia eta haren ondoan zatikatze gela egin da. "Hura behar bezala janzteko oinarrizko altzariak jaso ditugu dagoeneko. Makinaren bat iristea falta bada ere, guztia egoki jarri eta udazkenerako martxan jarri nahi dugu gela", azaldu du Marañonek. Bestetik, jakinarazi du San Donato eskola publikoan udan hiru lan egin dituela udalak Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntzarekin: komuna berritu, zenbait ate aldatu eta Ikasnova gelan hainbat berrikuntza egin. 

Gainontzeko udalen moduan Etxarri Aranazkoak Nafarroako Gobernuari Toki Azpiegitura Planaren bidez bi lan egiteko eskaera egin dio: Lizarragabengoan asfaltatu gabe dauden kaleetan zorua berritzea eta Kalamurtxein dagoen arrisku egoera zuzendu. "Ibairen ur emariaren indarraz babesteko harri lubeta bat egin zuten, baina ibaiari zati bat kendu zioten. Hura konponduta, goiko etxeendako arriskua kendu nahi da", argitu du alkateak.