Bertsolari Txapeketa Nagusiko lehenengo faseko hirugarren saioa urriaren 1ean, larunbatean, 17:00etan, jokatuko da, Gotaine-Irabarrengo herriko gelan eta bertan Eneko Lazkoz Martinez bertsolari etxarriarrak parte hartuko du. Lazkoz lehenengo saioan, irailaren 24an, Getxon, kantatzekoa zen, baina azken orduko aldaketa bat izan zen eta bere ordez Alaia Martin aritu zen. Lazkozekin batera Ane Labaka Mayoz, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguara Barandiaran eta Patxi Iriart Hiribarren ariko dira. Aritz Bidegain Aire izango da aurkezlea.
Laugarren saioa urriaren 2an, igandean, 17:00etan, Gasteizko Maria de Ameztu entzunaretoan jokatuko da, eta Amaia Iturriotz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak ariko dira.
Bertsolariek, binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian eta hiruna bertso zortziko txikian egin beharko dituzte, gainera, banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian kantatu beharko ditzute. Ondoren, binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta, amaitzeko, ganbarako lana egin beharko dute, banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.