Bertsolari txapelketa nagusia 2022

Ibarzabal eta Mujika, zuzenean finalaurrekoetara

Guaixe 2022ko urr. 5a, 10:28

Gotaine-Irabarneko saioa. GARI GARAIALDE / XEPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Asteburuan Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen fasearen bi saio jokatu ziren, Gotaine-Irabarnen eta Gasteizen. Eneko Lazkozek 649,5 puntu lortu zituen. 

Lehen faseko hirugarren eta laugarren saioak jokatu ziren larunbatean eta igandean, Gotaine-Irabarren eta Gasteizen, hurrenezn hurren. Gotaine-Irabarnen Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarra aritu zen, eta 649,5 puntu lortu zituen. Lehen fasearen amaierara itxoin beharko du finalaurrekoetara pasatzen den edo ez jakiteko. Larunbateko saioan Nerea Ibarzabal Salegik irabazi zuen, eta igandean Haritz Mujika Lasak. 

Hirugarren saioa
Gotaine-Irabarneko herriko gelan 650 lagun bildu ziren. Aritz Bidegain Airek egin zuen saioaren gidari lanak, eta haren ondoan igo ziren sei bertsolariak oholtzara, zozketak erabakitako ordenan: Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra, Patxi Iriart Hiribarren, Oihana Iguaran Barandiara, Nerea Ibarzabal Salegi, Julio Soto Ezkurdia eta Ane Labaka Mayoz. 

Ariketa puntuagarriak osatu ondoren, Nerea Ibarzabal izan zen puntu gehien batu zituen bertsolaria: 738, eta Irungo finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 5ean, Sustrai Colina eta beste sailkatuekin batera. Haren atzetik sailkatu dira Oihana Iguaran (737,5), Ane Labaka (694,5), Julio Soto (691), Eneko Lazkoz (649,5) eta Patxi Iriart (604,5). Bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera. 

Gasteizko saioa
650 lagun batu ziren Gasteizko Europa Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan. Zozketak ebatzitako ordenan sartu ziren sei bertsolariak oholtzara: Manex Agirre Arriolabengoa, Iban Urdangarin Lardizabal, Miren Artetxe Sarasola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Haritz Mujika Lasa. Gaiak ematen Oier Azkarraga Grajales aritu zen. 

Haritz Mujika izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 695,5 puntu, eta igandeko saioa irabazita, Donibat Garazin kantatuko du urriaren 29an. Hurrenez hurren geratu dira Miren Artetxe (670), Iban Urdangarin (660,5), Xabat Galletebeitia (655), Amaia Iturriotz (648) eta Manex Agirre (573,5). Puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Lehen fasea epaitzeko lana duten zapikotea Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Belki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki da. 

Azken saioak
Lehen faseko azken bi saioak urriaren 8an eta 9an jokatuko dira, Donostian eta Lizarran, 17:00etatik aurrera. Saioetako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, eta egunean bertan 15:00etan txarteldegia zabalduko dute.