Txirrindularitza

Mulu Kinfe Hailemichael profesional izango da

Guaixe 2022ko urr. 6a, 10:30

Mulu Kinfe Hailemichael, eskuinean, lasterketa batean. RURAL KUTXA-ALEA

Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin ariko da gorenean, datorren denboraldian

Etxarri Aranatzen bizi den Mulu Kinfe Hailemichael txirrindulariak (1999, Etiopia) berri onak ditu. Aurten Rural Kutxa-Alea talde afizionatuan denboraldi ederra egin ondoren –denboraldian 6 garaipen izan ditu, Lehendakari Trofeoa irabazi du–, datorren urtean profesional mailara egingo du salto, Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin. Berria jakina zen, baina aste honetan ofiziala egin du txirrindularitza taldeak. Mulu Kinfe aurretik Pro Team mailako talde profesional batean aritu zen, baina taldea desagertu zen eta afizionatuen mailan hasi zen, Rural Kutxa-Alean. 

“Oso gustura aritu naiz Rural Kutxa-Alean. Gauza asko ikasi ditut eta taldean familia ederra sortu dugu. Denboraldi itzela izan da. Maila profesionalera itzultzeko lan handia egin dut eta helburua lortzeagatik satisfazio handia dut. Datorren urteari begira, taldeari ahal dudan guztia eman nahi diot, elkarrekin hazten jarraitu eta zergatik ez, etapa garaipenen bat lortu” azaldu du Mulu Kinfek, irribarrez.