Pilota

Promesen Lau eta Erdiari ekingo dio Joanes Bakaikoak

Guaixe 2022ko urr. 7a, 08:54

Joanes Bakaikoa, ezkerretik lehena,

Txapelketa asteburuan abiatuko da, final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiarekin

Zortzi pilotarik hartuko dute parte Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketan, eta bertan arituko da Joanes Bakaikoa. Etxarri Aranazko aurrelariak maila nagusiko txapelketan parte hartzeko aukera galdu zuen, larunbatean Tolosan jokatutako atarikoan 22 eta 13 galdu baitzuen Agirreren kontra, eta horregatik bigarren mailako txapelketan lehiatuko da. 

Joanes Bakaikoa da Promozioko Lau eta Erdiko egungo txapelduna, eta 2018an ere kaiolako txapelduna izan zen. Bera da txapelketa irabazteko faborito nagusia, errematatzaile bikaina izateaz gain defentsan oso sendoa baita. Azaroaren 12an Labriten jokatuko den finalera heltzea, hori da bere helburua. 

Zabala, lehen aurkaria
Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketa final laurdeneko ligaxkarekin abiatuko da. Ostiralean, Atarrabian, Joanes Bakaikoak Javier Zabala izango du aurkari. Bakaikoa da faboritoa, baina Naxerako pilotaria ere iaioa da eta etxarriarrak lan gogorra du aurretik.