Txirrindularitza

Mikel Uncilla garaipenarekin agurtu da

Guaixe 2022ko urr. 11a, 10:30

Mikel Uncilla Atarrabiako Udala Trofeoa irabazten, helmugan. MARTIN EARLY

Sakana Group-Aralar taldeko txirrindulari etxarriarrak esprintean irabazi zuen XLVII. Atarrabiako Udala Trofeoa, Purito taldeko Adria Pericasi gailenduta. Junior mailako azken denboraldia "oso polita" izan dela dio

Urriaren 4an jokatutako XLVII. Atarrabiako Trofeoa sariarekin despeditu zuten denboraldia kadeteek eta juniorrek. Sakana Group-Aralar talde sakandarrak gogotik egin zuen lan Mikel Uncilla eta Aimar Tadeo bere txirrindulariak aurrean egon zitezen. Azkenean Uncilla eta Purito-Tadesan-Nuria taldeko Adria Pericas batera iritsi ziren helmugara, eta esprint estuan Mikel Uncilla gailendu zen (1:41:22), eta aurreko astean Indurain Anaiak Sari Nagusian bigarrena izatearen arantza kendu zuen etxarriarrak. Aimar Tadeo laugarren sartu zen, 56 segundora, hirugarren sailkatu zen Eolo Kometako Lucas Guillermorekin esprinta jokatu eta gero. Quesos Albenizko Iker Agudelo altsasuarra Top-Tenean sartzear egon zen, 11. postuan sailkatu baitzen. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Manex Zufiaurre (Sakana Group) 15. iritsi zen, Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) 18. eta Alex Lopetegi (Sakana Group) 40. 

Mikel Uncillak mendiaren saria irabazi zuen, eta talde onenaren saria Sakana Group-Aralar taldeak lortu zuen, denboraldia bukatzeko primerako lorpena. 

Uncilla: Euskal Herria Torneoa eta sei garaipen
Mikel Uncillak denboraldi bikaina egin du. Junior mailako Euskal Herria Torneoa irabazi du, Itaroako Challengea eta Udazkeneko Torneoa. Azken honetan denboraldian jokatutako azken lasterketek puntuatu dute

Guztira sei lasterketa irabazi ditu: Amorebietako Udaberriko Klasikoa, Villatuertan jokatutako bi lasterketak, Cendea de Galarko lasterketa, Arantzazuko Igoera eta Atarrabiako Udala Trofeoa. 

Bestalde, Valladoliden jokatutako Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan zilarrezko domina lortu zuen eta Euskal Herriko Txapelketan, Nafarroako Erlojupeko Txapelketan, Gipuzkoako Itzulian, Iruñeko Itzulian eta “Klasika Premundial” izenez ezagututako Beasaingo Proban 
txapeldunorde izan da. 

Denboraldia garaipenarekin bukatzea, "oso handia"
Denboraldiaren balorazio positiboa egin du makina bat podiumera igo den etxarriarrak. “Denboraldi oso polita izan da, disfrutatu dugu eta egindakoarekin oso pozik nago” dio. Sei garaipen ditu, baina beste horrenbeste eta gehiago bigarren postu. Iruñeko Itzulia ez irabaztearen arantza hor du, agian. “Iruñeko Itzulia segundo bakarrarengatik ez irabazteak, lider izan ondoren, sekulako amorrua eman zidan, baina zer egingo diogu” azaldu du.  

Denboraldia Atarrabiako garaipenarekin bukatzea “oso handia da”. “Alde batetik, pena dut junior mailari agur esan eta nire txirrindularitza etapa bati agur esango diodalako, baina datorren urtean afizionatuetan nire ibilbidea jarraitzea espero dut eta orain hilabete batez atseden hartuko dut” dio, itxaropenez. Merezitako atsedena izango da.