Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasearen lehenengo saioan aritzekoa zen Eneko Lazkoz Martinez, irailaren 24an, baina azken orduko aldaketa batengatik urriaren 1ean mustu zen txapelketan, Gotaine-Irabarneko saioan. Bertsotan "disfrutatu" zuela esan du etxarriarrak, baina emaitzak ez ziren espero zituenak: 649,5 puntu lortu zituen. Lehen fasearen azken saioak jokatu aurretik, matematikoki finalaurrekoetarako sailkatzeko aukera zuen galdetuta, "ia-ia ezinezkoa" dela esan du bertsolariak. Lehen fasea amaituta, horrela izan da; ez da finalaurrekoetarako sailkatu.
Zer nolako sentsazioak dituzu? Nola prozesatzen da hori guztia?
"Saioan asko disfrutatu nuen, zen plazagatik eta bertsokideak ere ongi aritu zirelako"
Nahiko digestio gogorra izaten ari da. Egia esan, saioan asko disfrutatu nuen, zen plazagatik eta bertsokideak ere ongi aritu ziren. Denon artean talde polita egin genuen. Saioa oso ona atera zen. Bertsotan disfrutatu nuen ere. Oso zaila izaten da horrelako toki batean disfrutatzea, eta oso gustura aritu nintzen. Nik uste maila ona eman nuela, baina gero puntuazioan ez nituen esperotako emaitzak jaso. Horrek ordura arteko zapore on guztia zakartu egin du. Bertsoak berriz aditu ditut ea oker ote nengoen ikusteko. Hor dago egindakoa. Epaitzea ere badakigu ez dela lan erraz bat, eta epaileek horrela ikusi zuten gauza. Eta kitto. Askoz gehiago esateko ez dago.
Nafarroako Bertsolari Txapelketarena baino gogorragoa izaten ari da?
Esango nuke baietz. Nafarroako Bertsolari Txapelketan txapela irabazteko aukera banuen, baina nik sentitzen nuen irabazi ez banuen ongi egin ez nituen gauzengatik izan zela. Orduan, errua zurea denean zurekin bakean jartzea erraza da. Uste duzunean zuk gauzak ongi egin dituzula, baina espero duzuna jaso ez duzula iruditzen zaizunean...
Horrelako hausnarketak elkarbanatzen dituzu?
Agian nire gauza da, eta ez zaio hainbeste buelta eman behar. Baina ingurutik antzeko ikuspuntua jaso dut. Saioan egon zen jendearengan eta abar. Sentsazioa hori zen. Horrelako gauzak gertatzen dira txapelketetan.
Zer ematen dizu bertsolaritzak? Eta txapelketek?
Bertsolaritzak gauza asko ematen dizkit. Hasteko, asko disfrutatzen dut bertsotan. Disfrutatzen segitzen dut. Aurreko lanketan, lagunekin gelditu kantatzeko eta hitz egiteko. Gauza asko ikasi ditut bertsoari esker eta harreman on asko egin ditut ere. Txapelketek ematen didatena da, hasteko, kantatzeko aukera. Bestela, segur aski utzirik neuzkan bertsoak plazetan ez naizelako asko aritzen. Tarteko zaplazteko bat edo beste ematen dit ere, baina izena ematen dugun momentutik badakigu arrisku hori hor dagoela.
Saioan gaztetan zaharrena zinen. Belaunaldi aldaketa ematen ari al da? Sentipen hori duzu?
"Bertsolari gazteagoekin kantatu nuen, baina oso gertu sentitzen ditut"
Egia da zaharrena nintzela, baina kantatzen nengoen arte ez nintzen horretaz konturatu. Bertsolari gazteagoekin kantatu nuen, baina oso gertu sentitzen ditudan bertsolariak dira. Batzuekin harreman asko daukat, gainera. Gai konkretu batzuk ateratzen ez badira, beraiek ume zirenean bizi izan zituztenak, eta ni gaztea nintzela, ez naiz konturatzen.
Segitzeko asmoa duzu, beraz.
Bai. Ez daukat inolako asmoa uzteko. Tokiz kanpo sentitzen ez naizen bitartean edo disfrutatzeari uzten diodanean utziko dut.
Saioetako gaiak orokorrak izaten dira. Baina bertsolaria ezin da gizartetik at bizi, ezta?
Txapelketako saioko gaiak orokorrean oso onak iruditzen zaizkit. Justu lehendabizikoa, emakumezko kirolarien uniformeak, ez zitzaidan tokatu paper oso erraza defenditzeko, baina uste dut ongi egin nuela nire lana. Nik uste edozein pertsonak behar duela gaurkotasuna jarraitzeko. Ez dut uste bertsotan ibiltzeagatik egin beharreko lan bat denik. Askotan ematen du bertsolari batek denari buruz jakin behar duela eta denari buruz iritzi garbi bat eduki behar duela. Bertsolaria pertsona normala da, gauza batzuk kontrolatzen ditugu eta beste batzuk ez. Askotan ez daukagu iritzi garbi bat zerbaiten inguruan.
Lehenengo astean hastekoa zinen, eta azkeneko aldaketa bat egon zen. Gauza horiek eraginik dute?
Gaixotu nintzen eta itxaropena neukan Getxoko saiorako sendatzeko, baina ez nuen denborarik izan. Aldaketa eskatzeko aukera hor zegoen eta denborarik ematen ez zidala ikusirik eskatu nuen. Ez nuen eskatu nahi beste pertsona bati eragiten ziolako ere, eta horrek ardura sortzen zidan. Hasieran nahiko garbi ikusten nuen ahal izango nuela, baina gero ikusi nuen ezetz. Lehenago ikusi izan banu lehenago abisatuko nukeen. Oso lasai eraman nuen kontu hori. Ez dut uste eragin zidanik.
Asteburu honetan lehen fasea amaituko da. Nola ikusten duzu txapelketa?
Igandean ez nuen animo handirik, eta ez nuen asko jarraitu saioa. Ea zer nolako saioak diren bi azkenak. Normalean, batez ere azken saioan, nahiko tentsioa izaten da, gutxi gorabeherako langa jarrita dago, eta batzuk esperoan dauden pasako diren edo ez ikusteko. Aurreko txapelketan azken saio horretan kantatu nuen, eta ez zitzaidan kantatzen erraza iruditu. Tentsio gehiago egoten da.