Astekaria

"Erakusketa gehienbat omenaldia izan da"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urr. 10a, 13:33

Patxi Irastorza eta Joserra Beloki Ziza eta landareen elkarteko kideak.

Joserra Beloki Urmeneta eta Patxi Irastorza Lazkoz Etxarri Aranazko Mikologi eta landareen taldeko kideak dira. Urriaren 9an erakusketa oso berezia egin zuten. 

Domingo Garciandia eta Fernando Goyari omenaldia izan zelako. 

1. Urte lehorra izate ari da, zizak hartzeko zer moduz?
Patxi:
Azkenean, baratzatik hasita ez dago ezer. Basoetan ezta ere. Joxerra: Euria egin du, baina ez nahikoa eta pixka bat berandu.

2. Zizak ateratzeko zer baldintza bete behar dira?
P.: Euri asko eta epela, beroa, ilbehera... Kontrolatzen ez ditugun baldintzak. Eta basoan egiten ari direna ez egitea. Basoak txikituta uzten ari dira. Urbasan, esaterako, pinuak kentzen ari dira, ekosistema berezia zegoen, eta desagertzen ari da.
J.: Bereziki ura behar da. Ur asko eta xuabea bada, hobe. Aurreko hilabeteak oso lehorrak izan dira, eta mendiak egarri ziren. Ateratzea atzera dezake, baina ezin da jakin.

3. Larritzeko moduko egoera bat da?
J.: Larritzekoa nik uste ez dela. Sistema oso konplexua da, eta horrelako faktore bat ez zait larritzeko modukoa iruditzen.
P.: Egoera da dagoena, eta badu bere alde ona ere. Euri gutxiago, onddo gutxiago, eta jende gutxiago basoan. Bortzirietan gehikeria izan da, kanpoko jende asko egon da, eta hartzen duten guztia saltzeko, gainera.

4. Oraingo sasoian, zer ziza espezie nagusitzen dira?
P.: Gehienak onddoak eta neguziza urdinak eta txuriak. Asko daude. Gibel urdinak ere.
J.: Momentu honetan, berezia izaten ari dena, lehortea, zizak egurrean ateratzen ari dira. Egurra bustitzen da eta hortik espezie gehiago ateratzen dira. Lurrean luzeagoa eta zailagoa izanen da prozesua.

5 Eta landareak? Zein erakutsi zenuten?
P.: Inguruko landare gehienak. Artoa, mahatsa, pagoa, haritza... Aurten landareei eskerrak. Erakusketaren mamia izan behar da duela denbora gutxi hil ziren Fernando Goya eta Domingo Gaciandia omentzea. Horiekin zorretan geunden.

6. Egoeragatik gutxi dago, eta beraz erakusketa ez zen egingo?
P.: Bixente Garciandia Bartze egongo balitz ez zen egingo. Berarendako gutxieneko bat egon behar zen. Guk gutxiagorekin ere egin ditugu.
J.: Oso perfekzionista zen. Erakusketa oso on bat zen edo ez zuen merezi. Lehen posiblea zen espezie asko zeudelako, datorren urtean konfiantza izan beharko dugu.

7. Domingo Garciandiari eta Fernando Goyari omenaldia egin diezue.
P.: Familiari zor diogu. Beti honetan ibili dira eta pila bat eman dute; gurekin lanean egon dira, Domingo belarretan eta Fernando zizetan. Oinarria ziren. Familiarekin bilduko ginen eta detailetxo bat eman genien. Eskuz egindako oroigarri bat. Pentsatzen dugu familiari gustatuko zaiola.
J.: Hoberena eta kantitatean ekartzen zuten. Biak ateratzen baziren, erakusketa ziurtatuta genuen. Ekimen xumea izanen da, baina kuttuna.

8. Zein da taldearen osasuna? Jende gaztea sartu da?
J.: Ez dakigu zergatik, baina lehen gu txikitatik basora joaten ginen. Orain bigarren mailako interes bat da. Gazteek badute eskaintza oso handia. Mikologia ez da erraza, lanketa behar du. Ikastaroak egiten ditugu, eta jendea animatzen da.

9 Non hartzen dituzue zizak?
P.: Sakanan.
J.: Baso mota desberdinen eta altuera desberdinetan jaso behar dira. Alturak prezipitazioan eragiten du. Aralarren, Urbasan...

10. Afizioa nondik datorkizue?
J.: Txikitatik joan izan gara basora. Nire etxean ama ere joaten zen onddoak hartzera.
P.: Etxetik datorkit ere. Beti ibili gara basoan, eta Bizente aldamena zen. Basoa berezia da, aste bukaeran joaten zara eta askatasuna eta lasaitasuna da.

11. Zein da gehien gustatzen zaizuen ziza?
J.: Bakoitzak berea du. Amanita Cesarea oso polita da. Onddoa ziza erraza da, ateratzean denean asko ateratzen delako. Bakoitzak berea du.
P.: Basora joaten zara eta Amanita muscaria bat ikusten duzu eta oso polita da. Ni askotan gelditzen naiz begira.