Axio oroitu zuten

Guaixe 2022ko urr. 13a, 09:58

Igandeko ekitaldian aurreskua dantzatu zen. @JARDUNK

Jardun koordinakundeak, igandean, Etxarri Aranatzen oroimen ekitaldia egin zuen. Euskal Herriaren askatasuna "muturrerera" eraman behar duen "alternatiba iraultzailea" gorpuztu eta prozesu iraultzailea "bururaino" eramateko deia egin zuen. 

Donostian poliziarekin tiroketa bat izan ondoren, Juan Igancio Erdozia Larraza, Axio, hil egin zen. Astelehenean erahilketaren 43 urte bete ziren eta Jardun koordinakundeak ekitaldia antolatu zuen Etxarri Aranazko plazan, igandean. Jarduneko kideek ″estatuek inposatu nahi duten irabazleen eta galtzaileen kontakizuna″ salatu zuten, haien iritziz ″gudarien kontra jotzen baitu sistematikoki. Haiek kriminalizatu eta terroristatzat jotzen dituzte, haien borroka desitxuratu eta herri langilearen begietan zilegitasun osoa kentzeko asmoz″. Jarduneko kideen iritziz horren guztiaren helburua litzateke ″Euskal Herriak oraindik ere pairatzen duen jazarpenari eta honekiko mantentzen duten okupazioari eustea″.

Aldi berean, ″adiskidetzea eta elkarbizitza aldarrikatzen dituzten diskurtsoen″ kontra egin zuten Jardunekoek, ″espainiar eta frantziar estatuek inposatu nahi diguten kontakizuna baino ez dute indartzen, hauek estatuek Euskal Herriaren kontra darabilten jazarpen estrategiari laguntzen dioten bitartean″. Ziurtatu dutenez, ″zapaltzaileen eta zapalduen artean ez baitago adiskidetze posiblerik, ez dago elkar ulertzerik″. Eta argi adierazi zuten: ″Euskal Herriko langileon askatasuna ez da estatuek inposatutako marko eta instituzioen eskutik etorriko, esplotazioa betikotzeko eraikiak direlako eta ez dutelako inolako zilegitasunik″.Horregatik, Jarduneko kideek ziurtatu zutenez, ″gudarien engaiamendua eta konpromisoa dira, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak, askatasunaren alde aritzerako orduan, eredu izan behar dituena. Eredu horren gainean eraikitako alternatiba politikoa izango baita Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa erdietsiko dituena″.

Axioren eta gainontzeko eusko gudarien borroka ez baita antzua izan eta ez da, inolaz ere, ilunetan eta, are gutxiago, ahanzturan eroriko. Gure aurretik burututako gudarien
borrokaren jarraipena baikara, kate luze bateko azken kate begia. Eta, horregatik, Euskal
Herriaren alde dena eman dutenenegatik, orain, 2022. urtean, guri dagokigu Euskal
Herriaren askatasuna muturrera eraman behar duen alternatiba iraultzailea gorpuztu eta prozesu iraultzailea bururaino eramatea.

Atzera begira
1978. urtean poliziak Iruñean egin ziren atxiloketa batzuen ondorioz, Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes Juan Ignazio Erdozia Larrrazak. Urte bat klandestinitatean eman ondoren, 1979ko lastailean Donostian poliziarekin tiroketa izan zen eta zauritu eta hil egin zen etxarriarra. Bere kideek Lizarrustin utzi zuten Erdoziaren gorpua.