Egoera zaila da da sektore guztietan. Aldapan gora goazela gaina ikusten ez den unean gaudela dio Barandallak. Pedalei eragiten segitzen du, bidea egiten.
Behiek zer moduz pasa dute uda?
Batzuk Urbasan izan ditugu eta besteak, behean. Urte zaila doa denondako, bai behiendako baita guretako ere. Behar zen garaian ez dugu nahikoa euririk izan. Eta horren ondorioa izan da jana askoz ere gutxiago sartu dugula.
Mendira noiz igo zenituzten?
Apiril bukaeran igo genituen eta normalean agorrilaren akaberaraino han egoten dira. Baina aurten halakorik ez dugu egin. Garilaren erdian batzuk, beren kabuz, jaisten hasi ziren, janik ez zutelako. Garilaren akaberarako denak jaitsi genituen. Janaren eskasiarekin batera ur falta. Sekula lehortuta ezagutu ez ditugun iturriak lehortu egin dira. Behiak tokiz aldatzen ziren, ur bila. Elkarrekin ibili eta betiko larre bideetan ibili beharrean asko mugitu dira. Gehiago da, baten berririk ez daukagu. Hor gabiltza, baina momentuz ez dugu opatu.
Gainontzekoak ibarrean.
Daukagun sistemarengatik, robotengatik eta halakoengatik, esnea jezten ari direnak barruan ibiltzen dira. Besteak, udan, normalean, kanpoan ibiltzen dira. Zegoen jan pixka jateko atera, baina jana jarriz ibili gara. Aurtengoak ez du beste urteetako graziarik izan.
Neguko janak biltzeko aukera izan duzu?
Arazorik handiena hortxe dugu: neguan ez gara sartu eta, dagoeneko, neguko janak jaten ari gara. Biltegira ugari sartuz gero, betiere, beste modu batera hartzen da. Baina askoz gutxiago sartu dugu. Belar lehorra oso gutxi etorri da; urte normal batekin alderatuta, erdia baino gutxiago. Egoerak behartuta artoan sekula baino gehiago gastatu dugu: ongarria, gasolioa… Prezioak igota zeuden eta sekula baino gehiago gastatu dugu. Eta sekula baino gutxiago jaso dugu, erdia ere ez. Hori guztia gehituta, aurrera begira, arazoak ziur!
Orain euria gozo eginen balu, konpontzeko berandu?
Bai. Asko bezala, larrekoekin, pixka bat kanpoan izan, luzatzeko, neguari koxka txiki bat kentzeko. Baina dagoeneko berandu da. Negurako sartu beharreko janak biltegian sartuta daude. Orain tokatzen dena da ahal den hobekien dosifikatzea eta administratzea. Erosi behar dena, ahal baldin bada. Gauza da nondik erosi gehigarria negua pasatzeko. Zeren hor ere nahikoa eskasia dago. Aparte, izutzeko moduko prezioak daudela.
Egoera honekin umatzeko arazoak espero dituzue?
Mendira zezenik ezin denez eraman, gora ernalduta igotzen dira. Han umatu ez daitezen saiatzen gara, han umatzen hasiz gero edozein arazo txikik handiagoa ekar dezakeelako. Bestetik, azienda ongi baldin badago dena askoz hobe joaten da. Azienda miseria eta gosea pasatzen hasten bada, ugalkortasunean galtzen da, abortuak errazago egon daitezke, jana bilatzera toki txarretara sartzen dira… Nahikoa kontu izan genuen, eta hori guztia saihesteagatik, garaiz jaitsi genituen, nahiz eta behean janik ez egon. Urtearen arora, ondoren zeharkako edo zuzenak diren ondorioak nabarituko dira jan eta maneiu aldaketengatik.
Gasolioa eta argindarra ere garesti dira.
Sektoreari kalterik handiena egiteko nola egin dezakegu? Duela hiruzpalau urte hori paperean idazten hasita, gaur egun ditugun puntu horiek guztiak ez genituzke idatziko. Guri argindarra bikoiztu baino gehiago egin zaigu. Baina denok dakigu etxean zer pasa zaigun. Gasolioa ere badakigu nola dagoen. Eta traktoreek autoek baino pixka bat gehixeago gastatzen dute. Den-dena nola joan den. Zer desoreka dagoen. Zenbat igo den burdina, piezak eskatu eta jasotzeko lanak… Hori guztia gehitzen duzu eta, azkenerako, desgaste handia da. Psikologikoki, ezjakintasunean zaudelako: Non geldituko da? Noraino joanen da? Zer eginen du? Aurrera segitu beharra dago. Hau ez da torlojuak egiteko fabrika bat, errentagarria izan arte pertsiana itxi daitekeena. Guk egunero segitu behar dugu eta zama ekonomikoa eta morala dauka.
Desgastea.
Ni botila beti beteta ikusten duten horietako bat naiz. Baina orain hori ikustea kosta egiten zait. Frente asko eta gauzak asko zailtzen ari direla ikusten duzulako.
Oker ez banago, kooperatiba handiaren parte zarete. Laguntza edo babesa ematen du?
Esnearekin Kaiku kooperatiban gaude. Guk eraldatzen ez dugun esnea Kaikuri ematen diogu. Haragian Nafarroako Aratxea jatorri izendapenean eta, aparte, kooperatiban. Honen guztiaren arduradunak opatzea ez da erraza. Haiek ere ahal duten guztia egiten dute, ikusten dutelako hau luze badoa abeltzaintza jaitsi eta jaitsi joanen dela. Belaunaldi aldaketan kalte handia egin dezakeela iruditzen zait. Haien laguntzarik ez. Ezta administrazioaren aldetik ere. Jende askori iruditzen zaio dirulaguntza batzuk kobratu ditugulako salbatuta gaudela. Apurrak. Apur guztiak hartzeko gaude. Baina apurrak ez dira aurrera begirako konponbidea. Ematen duen oxigenoa hilabete pare batean bukatzen da. Ni ez naiz dirulaguntzen oso aldekoa izaten; zure esku ez dagoen zerbait da. Beti eskean gaudela ematen du. Produktua bera baloratu behar da. Kostuak eta guztia pixka bat bere neurrian, kontrolatu beharko litzateke. Ezin da energiaren moduko igoerarik egon. Zeren, azkenerako, gu gaizki, baina guretako garrantzitsuenak diren gure bezeroak zuzeneko ondorioak pagatzen dituzte. Sakoneko aldaketak egiteko pauso batzuk eman nahi genituzke. Ez da erraza, sektore guztiak gaudelako… Gureari lehorteak kalte bikoitza egin dio. Hori ere hausnartzeko gai zabal eta interesgarria da.
Zuek ere eraldatzaileak zarete, Jeingenekoa markarekin, esnea, jogurtak eta gaztak ekoizten dituzue. Eraldaketa eta zuzeneko salmentak laguntzen du?
Beharbada horregatik gara baserritarrak eta hortik bizi gara. Baina, orokorrean, gurea bezala, beste sektore guztiak hankaz gora daudela ikusten dut. Esaterako, astero prezio igoerak ditugu. Batean gauza bat, bestean bestea. Guretako hori oso-oso desatsegina da, eta deserosoa prezioak igotzen joan beharra. Azkenerako, behar adina ez ditugu igotzen prezioak. Eta hori gutxi balitz bezala, hornidura arazoak daude. Esate baterako, jogurten kristalezko ontziekin kristoren arazoak izan ditugu. Denboraldi batez ontzi forma aldatu behar izan dugu, egiten ez zutelako. Energiaren prezioengatik ez zitzaien errentagarri ateratzen ontziak egitea. Arazoak gehitzen joaten zara eta ezjakintasuna eta beldurra sortzen dituzte. Egia da eraldaketa zure esku dagoela, baina topea nonbait ere badago: noraino igo behar dira prezioak? Zeren egoera honek segitzen badu kontsumitzaileek erosahalmena galdu eginen dute. Mamu hori ere hor dago.
Igandean Altsasuko ferian saltzen egon zineten?
Bai. Aurreko egunetan hainbat azoka izan ditugu Sakanan. Horietan egon beharra dugula iruditzen zaigu. Sakanaren parte gara, Sakanako ekoizle, Sakanako bezero pila dauzkagu. Hor egon behar dugu.
Jendeak zer esaten dizue?
Normalean nahikoa salmenta zuzena dugu, denak direlako denda txikiak, partikularrak… Bitartekaririk ez dugu. Oso harreman estua da. Azoketan oraindik ere zuzenagoa da. Jendea gelditzen da eta galdetzen du. Jende batekin egiten ez duzun hori egiten duzu egun horietan, nahiz eta gero ez erosi. ″Nik halako edo halako tokitan erosten ditut zuenak. Hau eta hura″. Horiek oso aberasgarriak dira. Horiek aurrera begira bultzada ematen dizute.
Jendea ohartzen gara zuen salmenta postuaren atzean zein lan dagoen?
Bai. Egia da gizartea lehen sektoretik gero eta aparteago dagoela. Guretako oso normalak eta egunerokoak direnak haiek, ziur, ez dituztela horrela ikusiko. Zuretako hainbeste garrantzirik ez baina haiendako garrantzia duten gauza asko galdetzen dituzte. Alde horretatik, oso aberasgarria izaten da.
″Dena utzi, eta aurrera″ burutik kentzeko balio dezatela, ez?
Garbi daukagu: urte zaila da. Garbi daukagu hortzak estutu eta aurrera segi beharra daukagula urte hobeagoen esperoan. Besterik ez dago. Gainera, gu ezin gara gelditu. Bizikletan zoazela, aldapa gogorrenean, pedalei emateari uztea bezala da, gero ez duzu arrankatzen. Segi eta segi behar dugu. Gurea bokazioa da, lanbide honek hortik pixka bat ere badauka. Ahal den neurrian, ahalik eta modurik txukunenean eta ahal den bezala, bai edo bai, segitu beharra dugu. Sektore oso garrantzitsua gara: elikaduraren eta ingurumenaren parte gara, kalitatezko produktuak egiten ditugu, osasunarekin zerikusia duena… Aurrera egin beharra dugu.