Udalak etxeetarako egur loteak ateratzeko epea luzatu du

Guaixe 2022ko urr. 18a, 11:12

Baso aprobetxamendua ateratzen ari direla gaztigatzen duen kartela. ARTXIBOA

Hilaren 25era arte izanen da horretarako aukera.

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du basotik etxerako egur loteak ateratzeko epea hilaren 25era arte luzatu dela. Egun hori pasata ezin izanen da basotik egurrik atera. Udalak maiatzean egindako deialdian jakinarazi duen etxerako egur loteak garilaren 1etik eta irailaren 30era atera zitezkeela. Horrekin batera, epaitzak eskuratu zituztenek egurra basotik ateratzeko baldintza batzuk bete behar dituzte. Lehenik, ezinezkoa da zuhaitzak bere arramekin arrastaka ateratzea. Kalterik sortuz gero lotearen jabea izanen da erantzulea. Bestetik, pistara eta ezpondara eroritako arramak kendu beharko dira. 

Udalak jarritako beste baldintza bat da eguraldi txarra dagoenean eta egun euritsuak direnean mendian lan egiteko debekua, horrekin bideak eta basoa bera kaltetzea saihestu nahi da. Bestalde, zuhaitzak moztu ondoren lurrean gelditzen diren epeitzak edo zuhaitz ipurdiak ezin izanen dira 10 cm baino altuagoak izan. Atzeneko baldintzaren arabera, epaitza eskuratu duenak ardura osoa bere gain hartuko du, bai berak hartu dezakeen kaltez edota beste pertsonei sor diezaiokeen kaltez. Era berean, istripuak ekiditeko seguritateko neurriak kontutan izanen duenaren konpromisoa hartuko du. Jakina, etxerako egur epaitzak eskuratu dituztenek norbere probetxurako eskuratuko dituzte, eta, beraz, ezin izanen dute egur hori saldu.