Egoera ahulean dauden ikasleek eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko dirulaguntza deialdia

Guaixe 2022ko aza. 3a, 11:13

Etxarri Aranazko bi ikastetxeak. ARTXIBOA

Ikastetxeek eskaerak eginen dituzte, beti ere, udalak zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ikasleendako .

Etxarri Aranazko Udalak herriko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntza deialdia onartu du. Haren helburua da jendarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleek eskolaz kanpoko jardueretan parte-hartzea, horrela Etxarri Aranatzen duten integrazioa areagotzeko asmoz. Eskabideak aurkezteko bi epe daude. Batetik, 2022-2023. ikasturteko neguko jardueretarako eskaerak ilbeltzaren 20ra arte aurkez daitezke, eta 2023ko udako jardueretarako, garagarrilaren 1etik 25era. 
 
Diruz lagunduko diren eskolaz kanpoko jarduerak honako baldintzak bete beharko dituzte: jarduerak talde dinamika izan beharko du, eskolako ordutegitik kanpo egitea; Etxarri Aranazko haurrei irekita egotea, eta ez bakarrik ikastetxe bateko ikasleriari; antolatzaileak legearen arabera osatutako guraso edota kirol elkarteak izatea, besteak beste eta iraupenari dagokionez, neguko jarduerek gutxienez lau hilabete irautea eta udakoek aste bete. 

Ikastetxeek dirulaguntza eska dezakete baldin eta ikasleek honako baldintzak betetzen badituzte: Etxarri Aranatzen erroldatua egotea; Haur Hezkuntza (H.H.), Lehen Hezkuntza (LH) edo Bigarren Hezkuntza (DBH) egiten egotea eskaera aurkeztu duen ikastetxean; egoera kultural eta sozial ahulean egotea (egoera hau ikastetxearen eta oinarrizko gizarte zerbitzuaren txostenaren bitartez frogatuko da) eta ikastetxeak eskaintzen dituen eskolaz kanpoko jardueraren batean matrikulatua egotea eta gutxienez %75eko asistentzia justifikatzea.