Ekopasabidea egiteko lehen pausoak

Guaixe 2022ko urr. 26a, 14:05
Ekopasagunea eraikiko duten tokia.

Aritzalkon, Sakanako Autobia (A-10) eta NA-2410 errepidearen gainean, eginen den ekopasabideko lanak eragindako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratu du foru administrazioak.

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki du, Etxarri Aranatzen, Aritzalko basoan, ekopasabide bat egiteko proiektuaren obrek ukitutako ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, ″Sakanan Iruña-Gasteiz ardatza osatzen duten azpiegitura ugari daude (autobia, errepidea, trenbidea), eta horiek oztopo handia dira faunaren joan-etorrietarako. Iruñea-Gasteiz autobidearen iragazkortasuna bermatuko duen goiko pasabide bat eraikita, lurreko espezieen fluxu egokia bermatzeko neurri garrantzitsuenetako bat da″.

Ekopasagunearen helburua da ″Natura 2000 Sareko bi eremuren arteko lotura ekologikori buruzko arazo bat konpontzea, biodibertsitatea kontserbatzeko garrantzi handikoa baita″. Nafarroako Gobernutik gaineratu dutenez, ″ekopasabidea lehen mailako elementua izanen da Nafarroako azpiegitura berdearen garapenean. Inbertsioa eraginkorrena izanen den puntuetako batean eginen da, landaredi naturala eta zuhaitz estaldura autobiaren bi aldeetara hurbiltzen baitira″. Azpiegitura horren helburua da ″tamaina ertain eta txikiko ornodunetan harrapaketek eragindako heriotza kopuru handiak eta hedatze fasean dauden espezieen hedapena galgatzeak obrak ahalik eta lasterren egitea gomendatzen dute″.