Pilota

Joanes Bakaikoak finalean egotea du jokoan

Guaixe 2022ko aza. 1a, 11:30

Gaur, asteartea, Domu Santu Eguna, Promesen Lau eta Erdiko finalerdia jokatuko du, Egiguren V.aren kontra

Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarrak Promesen Lau eta Erdiko txapela defendatzen du –2021eko eta 2018ko Promesen txapelketak irabazi zituen– eta bigarren mailako kaiolako bere hirugarren finala jokatzeko atarian dago, bihar, azaroaren 1an, asteartean, 2022ko Promesen Lau eta Erdiko finalerdia jokatuko baitu, Egiguren V.aren kontra. 

Bakaikoa da promesen txapela janzteko faborito nagusia eta orain arte aurrelari etxarriarrak ez du akatsik egin. Final laurdenetako ligaxkan Zabalari 22 eta 21 irabazi zion, Exposito 7 tantotan utzi zuen eta Alderbi 4 tantotan, sasoi bikaina duela erakutsiz. 

Egigurenen kontrako finalerdian Bakaikoa da faborito nagusia, baina guztia partida batera jokatzen denean, edonork egin dezake aurrera. Saria oso gozoa da, azaroaren 12an Labriten jokatuko den Promesen kaiolako finala jokatzea, eta hil ala biziko partida izanen da.