Andra Mari Ikastolak Sakanako 14 herrietako ikasleak hartzen ditu. Hezkuntza komunitate hori 410 ikasle inguruk, 250 familia inguruk eta 56 langilek osatzen dute. Komunitatea Nafarroako Ikastolen urteroko festa antolatzen hasi da dagoeneko.
Hitz gutxitan nola definituko zenukete aurretik duzuena?
Iñigo. Oso urte intentsua izanen da, baina, aldi berean, ilusionagarria. Gogo handiz hartu dugu lekukoa. Sumatzen da gure hezkuntza komunitatean, bai familiak, bai ikasleek-eta gogo handiz gaudela datorkigunari aurre egiteko.
Noiz hasi zineten lanean?
Izaskun. Udaberrian egin zen batzar berezi bat, eta han izan genuen Marta Igoa Erro, Nafarroako Ikastolen Elkarteko langilea. Aurreratu zuen zer zetorkigun, nola izanen zen antolakuntza… Han hasi ziren batzorde batzuk. Gurasoei dei egin zitzaien, eta gainerako komunitateari ere. Oraintxe bertan 200 pertsona pasa lanean ari dira. Horietako zenbaitek dagoeneko lan handia egin dute, aurkezpenerako prest izan behar zirelako zenbait gauza.
Zenbat batzorde?
Iñ. 15 bat dira. Gutxi gorabehera Nafarroa Oinez guztietan egitura bera dago: komunikazioa, muntaia eta abar. Baina gurean berrikuntza bat izanen da. Altsasuko Nafarroa Oinez-en inklusibitatea eta aniztasuna landu zuen azpitalde bat egon zen. Gurean, azpitalde baino, batzorde propioa izanen da. Hain zuzen ere, gure helburuekin bat egiten duelako. Iruditzen zitzaigun inklusibitatea eta aniztasuna urte osoan islatu behar genuela eta garrantzitsua izanen dela gure Nafarroa Oinez-en.
Ospakizunak badu datarik?
Iz. Galdera ona. Horrekin bueltaka ari gara. Lastailaren 15ean izan beharko litzateke, baina zubia dago eta data erabakitzeko hausnarketa prozesua egiten ari gara.
Leloa ere hausnartzen ari zarete? Edo aukeratua duzue?
Iñ. Hotsein! da gure leloa. Bertako euskalkian erabiltzen den hitz bat da. Zarata, burrunba esan nahi du. Baina, aldi berean, deitu edo aldarrikatu. Gure hiru helburuak leloan islatzen dira. Helburuen artean daukagu, batetik, euskara eta euskal kulturaren suspertzea. Arnasgunean gaude eta arnasguneetan gauden ikastolok ere zeregin garrantzitsua daukagu euskara suspertzen. Sakanako jendarteari hots egin nahi diogu gurekin bat egitera, euskara suspertzera, euskal kultura suspertzera, euskara erabiltzera, moteltzen ari den erabilera suspertzera. Aldi berean, gure hezkuntza proiektua, gure eredu inklusiboa, parte hartzailea, auzolanean oinarrituta, publikoa aldarrikatu nahi dugu. Eta, zentzu horretan, gure ikastolan denek daukagu tokia. Eta, azkenik, Andra Mari Ikastolak duen proiektua belaunaldiz belaunaldi transmititzea.
Eta leloari zein irudik lagunduko dio?
Iz. Lehenik hitza bera, hotsein. Eta ondoan harridura ikurra eta hiru marratxo. Azken horiek bozgorailu minimalista bat osatzen dute. Bozgorailu horretan koloreek ere garrantzia dute. Andra Mari Ikastolaren logoak dituen kolore berak hartu ditugu: berde argia, berde iluna, horia, laranja eta gorria. Horien bidez ere Iñigok aipatzen zuen aniztasun hori ere irudikatu nahi dugu. Batetik, bertakotasuna, Sakanan aurkitzen ditugun koloreak direlako eta, aldi berean, ere aniztasuna. Hori da irudia. Eta Iñigok esan duen bezala, indartu nahi dugu aldarrikapen edo hots hori. Batetik, euskara eta euskalkiak. Arnasgune batean egon arren, iruditzen zaigulako indartu behar direla. Eta, aldi berean, gure hezkuntza proiektua ere aldarrikatu nahi dugu.
Laugarren Nafarroa Oinez. Zergatik? Zertarako?
Iñ. DBHko eraikina hobetu nahi dugu. 1965ekoa da, zaharra da eta irisgarritasun eta isolamendu arazoak ditu. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonendako eraikina eroso egin nahi dugu, bai sarreran, bai barruan. Barruan igogailua jarriko dugu. Aldi berean, berogailu sistema aldatu nahi dugu, eraginkorragoa eta ekologikoagoa izan dadin. Eta, horrekin batera, eraikinaren isolamendua hobetu nahi dugu, gaur egungo energia beharretara egokitzeko. Aldagelak ere berritu nahi ditugu. Aurrekoa izan zen Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea eraikitzeko eta oraingo Nafarroa Oinez izanen da DBHko eraikina hobetzeko.
Hura iritsi aurretik, lehenengo arropa eta denda. Non?
Iz. Iruñekoa oraingoz ez dugu erabaki, baina Etxarrikoa bai, azaroaren 11n, ostiralarekin zabalduko da. Kale Nagusian egonen da, garai batean Marixeleren denda zegoen tokian. Jakin ahala ordutegia iragarriko dugu. Bestetik, beste gonbidapen bat luzatu nahi dugu. Azaroaren 26an Arbizun Nafarroa Oinezen Sakanako aurkezpena eginen da. Horren ordutegia ere iragarriko dugu.
Tafallatik aholkuren bat jaso duzue?
Iñ. Gogo handiz eman ziguten lekukoa. Urte osoko lanaren ondoren nekea sumatzen zitzaien. Baina, aldi berean, beraien balantzea oso positiboa da. Eta guk ere gurean halako zerbait sentitzea nahi dugu: urte intentsua, emankorra. Sakanako gure herrietan eragiteko aukera emanen diguna. Oso urte berezia izanen da norberaren ikuspegitik: ikasleenetik, familienetik, langileenetik. Hauspo moduan baliatu nahi dugu, gurean euskara biziago egon dadin.
Hasi zarete dermioetatik barna paseatzen?
Iz. Udaberrian sortu ziren batzordeen artean ibilbideaz arduratu behar dena ere martxan jarri zen. Buruan zenbait aukera daude, baina oraindik erabakia hartu gabe dago. Egia da, bakoitza bere batzordean eta bere ikuspegitik, buruak martxan daudela, lana ere. Garai batean Oinez eguna ospatzen zen eta azkeneko urteetan beste perspektiba bat dauka, urte guztikoa.
Oraindik eguraldiari begira hasteko goiz da.
Iñ. Eskatzeko eta enkargatzeko garaiz gaude. Gero ikusiko dugu kasu egiten diguten. Baina Andra Mari Ikastolak esperientzia handia dauka elementuen kontra aritzen, eta gainditzen ere bai. Baina espero dezagun erabakitzen dugun datan eguraldi bikaina izatea. Elkartoki bikaina izanen da eskualdeko zein Euskal Herri osoko euskaltzaleak batzeko.