La Furiaren kontzertua Etxarri Aranatzen

Guaixe 2022ko aza. 7a, 10:33

La Furia. JAVIER PORTILLO

Nafarroan Biran programaren barruan erriberatarraren emanaldia izanen da azaroaren 12an, larunbatean, kultur etxean. 

Nafarroako musikariak sustatzea eta zabaltzea helburu duen Nafarroan Biran programaren bigarren edizioaren barruan La Furia rap abeslariaren kontzertua izanen da Etxarri Aranazko kultur etxean. Programa Nafarroako Gobernuako Kultur eta Kirol Departamentuak sortu zuen herrialdeko abeslariak eta musika taldeei plazak emateko helburuarekin. Guztira, Nafarroan zehar hamahiru artista edo taldeen hemezortzi emanaldi antolatu dituzte, tartean azaroaren 12an, larunbata, 20:00etan, Etxarri Aranatzen izanen den La Furia-rena. Programaren bigarren edizioaren berrikuntzetako bat da parte hartzaile guztiek katxe berdina kobratuko dutela, eta sarreraren irabaziak -bost euro- udalendako izanen dira, emanaldia antolatzeak sortzen dituen gastuetarako. La Furia kontzertuetarako sarrerak Etxarri Aranazko Udalaren webgunean eros daitezke. 

La Furia rap abeslariaren atzean Nerea Lorón Díaz dago. Cascanten jaio zen eta Erriberan igaro zuen haurtzaroa eta nerabezaroa, Bilbora ikastera joan zen arte. Donostian ikasketak amaitu zituen eta mugimendu feministara batu zen. Garai horretan hasi zuen rap abesten. 2019. urtean Korrika-ren abestian parte hartu zuen. Hiru disko kaleratu ditu: No hay clemencia (2013), Vendaval (2017) eta Pecadora. Volumen I (2019).