Astekaria

Ilargi beteko gau batean, ermitan

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 15a, 12:42

Luisillo 'Kalandraka' eta Manu Gomez Genua kanta sortu zen gauean. AITOR KARASATORRE

Manu Gomez Genua irakasle eta bertsolari etxarriarrak sortu du La Topadora taldeak kaleratu duen azken abestiaren letra: 'Muxu'. Lizarragako ermitara egindako lagunarteko irteera batean sortu zen ideia eta oinarria, duela hiru urte.

Muxu, muxu. Non nahi duzu muxu? dio La Topadora taldearen azken kantak. Abesti dantzagarriaren letra lagun irteera batean sortu zela esan du Manu Gomez letraren egileak. "Egia esan, plan batean sortu zen. Ilargi beteko gau batean hiru lagun Lizarragako ermitara gaua pasatzera joan ginen eta afaldu ondoren mundua konpontzen edo hasi ginen". Momentu horretatik hiru urte eta pandemia bat pasa dira, eta emaitza hausnarketa horren emaitza Muxu abestia da.

"Jendeak besteen bizitzatan sartzeko beharrari buruz hitz egiten sortu zen"

Manu Gomez eta Luisillo Kalandraka La Topadora taldeko kidea "aspalditik elkartzen" dira, "afariak eta planak egiten ditugu batera", etxarriarren arteko adiskidetasuna, beraz, aspalditik dator. Horietako plan batean sortu zen Muxu abestiaren oinarria. "Jendeak besteen bizitzetan eta istorioetan sartzeko beharraz hitz egiten ari ginela nik horren inguruan kanta bat egiteko ideia neukala esan nien. Agian kanpotik begira kanta arina ematen du, baina berez errespetuaz eta norberak bere bizia bizitzeko eskubidea daukala da abestiaren oinarrian". Esaldi oso sinple bat esan zuen Gomezek, dena laburbiltzen duena: "Batek muxua eman nahi badio besteari, besteak jaso nahi baldin badu, gelditzen den gauza bakarra da galdetzea non nahi duzun muxua".

"Batek muxua eman nahi badio eta nahi badu non nahi duen galdetzea geratzen da"

Luisillok gitarra hartu zuen eta gitarrarekin "lau akorde jotzen" hasi zen: "Esan genuen: 'Benga, kanta egingo dugu', eta hortik hasi zen". Lehenengo akorde horiek grabatuta daude Aitor Karasatorre Mugurutzak, hirugarren lagunak, beti kamararekin eta mobilarekin "gauzak grabatzen" ibiltzen dela dio Gomezek, "eta hori grabatuta dugu".

Garapena
Ondoren gauzak nahaspilatu zirela esan du Gomezek, hala ere, lehenengo ideiak abestian jarraitzen duela. "Guk uste dugu mezua garbia dela". Lizarragako ermitan hasitako horrekin hasi, eta 2020ko martxoan koronabirusaren eraginez "itxi gintuztenean bakoitzak bere aldetik jarraitu zuen. Luisillok musika bat eman zidan eta horri metrika eta abar ateratzen aritu ginen". Letrak elkar trukatzen zituzten ere, "baina bakoitza bere etxetik, elkartu gabe".

"Besteak beste, itxialdiarekin lapurtu zizkiguten gauza inportanteetako bat elkarren arteko kontaktu fisikoa eta elkarren arteko besarkadak eta sentimendu adierazpenak izan ziren, orduan, zenbait momentutan mezua aldatzea pentsatu genuen". Baina azkenean sinpletasunera eta gauza oso xumeak esateko bidea hartu zutela azaldu du Gomezek. "Nik uste dut funtsean ez dela asko aldatu". Egoerak baldintzatu zuen abestiaren nondik norakoa: "La Topadorak disko bat plazaratu zuen itxialdia baino hamabost egun lehenago eta orduan praktikoki lehenengo diskoa plazaz plaza kantatu aurretik, bigarrenarekin hasi ziren. Orduan, dezente luzatu da kanta plazaratzearen istorioa".

Gomezek abestiarekin "oso gustura" gelditu dela esan du. "Bideoan muxu guztiak dira maitasun muxu sakonak eta nik anitzagoak irudikatzen nituen, baina azkenean parte hartu zutenei muxuak emateko eskatu zitzaien eta horiek ematea atera zitzaien". Muxu mota desberdinak irudikatzen zituen etxarriarrak: "Masailean emandako muxuak, lagunen artean emandakoek ere badute beren tokia". Bideoan "elkarri muturrak berotzen" ateratzen dira gehienak, "baina oso polita ere bada".

"Iruditzen zait inor ez dela ohartu atzean zer dagoen bideoa ikusten duen arte, eta hori ere gustatzen zait". Kanta arin bat dela eta edozeinek bere egingo zuena dela azaldu du Gomezek, "baina errealitatean gero ez du edozeinek bere egiten; sartzen garelako besteek zer egiten duen eta norekin egiten duten zer".

Letrak
Gomez bertsolaritzan aritutakoa da, eta ez da lehenengo aldia abesti bati letra jartzen diona. "Nik zenbatzen ditut lau kanta". Lehenengoa SOS Balcanes kanpaina batean kanta bati letra jartzeko eskatu zioten. "Uste dut 19 urte nituela. Egia esan, kanta hori orain non dagoen ere ez dakit, baina tokiren batean egongo da". 2011an Etxarri Aranatzen egin zuten Gora herri askeak lip dub-aren abestiaren letra ere Gomezek sortu zuen, "katalandarren kanta baten antzekoa abestia egin genuen, beraien musika erabilita". Iñigo Aritza ikastolan egin zuten Euskara da Euskal Herri kanta edalontziekin interpretatu zutena ere egin zuen, "beste kanta baten bertsio erabat librea egin genuen euskaraz".

Abesti gehiago sortuko ditu Gomezek? "Sortzen bada ongi, bestela ezer". Aurretik egindako kantak kontestu eta eskaera jakin batzuetan sortuak izan ziren, Muxu abestia, aldiz, lagun arteko giroan sortu zuten. "Horren atzean eskarmentu handiko musikariak daude. La Topadora osatzen duten kide guztiek jarri dute haien zerbait. Luisillok oinarria eta musika jarri zuen, eta gero Javiero eta beste guztiak aritu dira berea jartzen eta konponketak egiten". Bideoklipa Karma Filmseko Ibai Zabalak eta Mikel Gabiolak egin dute eta Etxarri Aranazko kultur etxean grabatu zuten. Dagoeneko Interneten ikus eta entzun daiteke.