Nafarroa Oinezek denda zabaldu du

Guaixe 2022ko aza. 17a, 09:31

Dendaren mustutze ekitaldian Marixelek moztu zuen zinta. NAFARROA OINEZ

Etxarri Aranazko Kale Nagusiaren 2. zenbakian da, Marixelerena zen dendan dago Hotsein!  produktuen denda. Online erosketa ere egiteko aukera dago. 

Ikasle, guraso eta etxarriarrak. Makina bat jende elkartu zen ostiral arratsaldean Nafarroa Oinezen  dendaren mustutzean. Plazan bueltatxo bat eman ondoren, Kale Nagusiaren 2. zenbakian dagoen dendarantz abiatu ziren guztiak. Material, Grafismo eta Muntaketa batzordeetako kideak denda prestatzen lan egin ondoren, pertsiana jasotzeko eta argiak pizteko garaia iritsi zen. Ilbeltzaren 9ra arte astegunetan 10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalik egonen da, eta larunbatetan goizez. nafarroaoinez.eus webgunearen bidez online erosketak ere egiteko aukera dago. Izaskun Errazkin Beltza, ikastolako lehendakariordeak, eta Iñigo Orella Alzueta, zuzendariak, eskerrak eman zieten gerturatu ziren guztiei. Baita denda utzi duen Marixele Huiziri eta Elkartetxearen beheko solairua biltegi gisa erabiltzeko utzi duen Eusko Alkartasunari ere. 

Dendaren mustutzea egiteko zinta moztu zuten. Ardura Marixele Huizik izan zuen. ″Beti erakutsi du atxikimendu handia ikastolarekin eta oraingoan ere musu truk utzi dio lokala″. Huiziri Oihana Huizik eta bere seme-alabek lagundu zioten, ″belaunaldi berrien ordezkari gisa″. Zintari, bestalde, Juan Manuel Sanchezek eutsi zion. Lehen belaunaldietako familien ordezkaria, guraso ohia eta egungo ikasleen aitona da izateaz aparte, Alkartetxeko ordezkaria ere bada eta Sanchez. Zinta moztu ondoren, mustutze ekitaldira hurbildu ziren guztiek denda bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Poz giroa sumatzen zen. 

Arropaz
Denda barruan Nafarroa Oinezeko materiala primizian ikusi eta probatzeko aukera izan zuten ostiralean joan zirenek. Besteak beste, kamisetak, izerditakoak, legginsak, poloak, poltsak, motxilak, aterkiak, katiluak, biserak, galtzerdiak, buffak eta beste zeuden. Antolatzaileek azaldu dutenez, ″arropetan, batez ere kamisetetan eta izerditakoetan, Andra Mari ikastolako eta Nafarroa Oinezeko logotipoen koloreak dira nagusi. Hau da, berdeak, horixkak eta gorrixkak; Sakanako basoetako hostoetan bezala″. Jakina, material guztian hotsein! leloa eta bere bozgorailua nabarmentzen dira. 

Urte guztian zehar denda ibiltaria ere izanen da. Aurreneko irteera Irurtzungo San Martin festak izan ziren. Lizarragako San Klementetan ere izanen dira. Eta Nafarroako geografian barna ere astebururo.