Paleta Goma

Palista sakandarrak gorenean

Guaixe 2022ko aza. 22a, 12:10
NKJ-en Paleta Goma Txapelkeltako finalistak, Gure Pilotako bikoak tartean. UTZITAKOA

Marroyo-Sasiain eta Ormazabal-Erauskin Nafarroako txapeldunak kimuen eta kadeteen bigarren mailan, eta Naroa Otxoa Nafarroako txapeldunordea senior mailan

Larunbatean Nafarroako Kirol Jokoen Paleta Gomako Finalak jokatu ziren Labrit pilotalekuan. Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko ordezkaritza zabala iritsi zen final handietara, Etxarri Aranazko eskolan palarekin egiten den lan handiaren erakusle. Kimuen mailan Gure Pilotako Marroyok eta Sasiainek jantzi zuten txapela, Auñamendiko Glaria eta Erro 18 eta 17 mendean hartuta, azken tantoak erabakitako final oso estuan. Kadeteen bigarren mailako txapelak ere Sakanara etorri ziren, final etxarriarra jokatu baitzuten Gure Pilotako bi bikok, Ormazabal-Erauskinek eta Urbe-Murugarrenek. Ormazabal eta Erauskin izan ziren txapeldun handiak, taldekideei 25 eta 14 irabazi eta gero. 

Seniorretan Naroa Otxoa txapeldunorde
Bestalde, igandean Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen Binakako Paleta Goma Txapelketako senior mailako final handia jokatu zuen Oberena klubeko Naroa Otxoak. Etxarriarrak Uxue Murillorekin osatu zuen bikoa eta Mendillorri klubeko Leire Artazkoz eta Paula Gorostiaga izan zituzten aurkari. Goi mailako pala partida lehiatuan, Mendillorriko bikoak aurrea hartu eta 30 eta 17 irabazi zieten Murillori eta Otxoari.