'Euskaraz barra-barra' marka berria zabaltzen hasi dira

Guaixe 2022ko aza. 23a, 09:03
Marka berria establezimendu batean jarria. UTZITAKOA

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sortu dute marka bateratuta, bezeroei adierazteko euskaraz egiteko aukera dutela marka duten lekuetan. UEMAko hamar herri dira aitzindariak, tartean Etxarri Aranatz.

Euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan areagotzeko helburuarekin, batean eta bestean badira euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren saltokiak, enpresak eta entitateak identifikatzen dituzten ziurtagiriak, euskaraz aritzeko eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna aitortuz, bezeroek eta herritar guztiek horren berri izan dezaten.

Ilbeltzetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak zerbitzu sektorean gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka berria eta bateratua sortuko dute: Euskaraz barra-barra izango du izena, eta euskararen lurralde guztietara zabalduko dute.

Marka bateratu horren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela leku edo entitate horretan, Euskaraz barra-barra marka duten guneetan bermatuta egongo delako euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa badagoela. Horregatik, zehazki, gaitasunari lotuta egongo da marka banatzeko irizpidea.

Euskal Herri osora zabaldu aurretik, UEMAko kide diren hamar herri izango dira lehenengoak marka zabaltzen. Horien artean dago Etxarri Aranatz. Udalak ekimenarekin bat egin du eta informazio gutuna bidali die establezimenduetako arduradunei. Markaren berri emateaz aparte, gutunean jakinarazi zitzaien aste honetan establezimendutik UEMAko teknikaria pasako zela ekimenaren berri ematera, zalantzak argitzera eta ekimenaren nondik norakoak zehazteko.

Bat egiteko deia
Marka sustatu duten erakundeek zerbitzu sektoreko profesionalei dei egin diete markarekin bat egin dezaten: "bezeroari arreta bere hizkuntzan eskaintzea zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko oinarria denez, ohi bezala zure negozioarendako zerbitzurik onena eskaintzeko ahaleginean jarraitzera eta ekimen berri honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu", adierazi diete,  ekimenaren berri emateko merkatariendako eta ostalariendako prestatutako gutunean. Horren bidez, bezeroei dagokien arreta egokiena ematen segitzera ere animatu dituzte.

Zerbitzu sektoreko profesionalei ez ezik, markaren sustatzaileek herritarrei ere dei egin diete ekimena kontuan har dezaten erosketak egiterakoan eta ostalaritzako zerbitzuak hautatzean. Izan ere, Euskaraz barra-barra marka izango duten lekuetan euskaraz aritzeko modua izango dute, eta horrek "hainbat aurreiritzi baztertzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ere bide eman diezaieke bezeroei. Beraz, euskaraz lasaiago eta gehiago aritzeko modua izango dutenez, gure herrietako zerbitzu sektorea ez ezik euskara ere hauspotzeko aukera izango dute ekimen honekin". Horregatik, parte-hartzeko eta euskaraz aritzeko deia egin diete.