Zortzigarren urtez Zama doinuz arindu musika kontzertu-ikuskizuna eginen dute Etxarri Aranatzen euskal presoei ezartzen zaien "salbuespenezko legedia" salatzeko eta egoera horrek sortutako urraketen "zama arintzeko" helburuarekin. Etxarri Aranazko Sarek eta herriko presoen senide eta lagunek antolatzen dute jaialdi arrakastatsua, urtez urte kontsolidatu dena. Jaialdia urtarrilaren 15ean, igandea, izanen da eta bi saio egonen dira, 17:00etan eta 19:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai daude Etxarri Aranazko udaletxeko kultura bulegoan -astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara-, Etxarri Aranazko Udaleko webgunean eta Xapatero eta Leku Ona tabernetan.
"Euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea da helburua", antolatzaileen esanetan. Urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzeko xedea duela gaineratu dute.
Zama doinuz arindu kontzertu-ikuskizunaren bereizgarrietako bat da parte hartzen duten taldeek emanaldi akustiko edo intimoagoa ematen dutela, giro oso berezia sortuz. Zazpi edizioetan bezala, 2023ko edizioan ere Euskal Herriko abeslari eta musika talde ospetsuek parte hartuko dute jaialdian: Kalakan, Nogen, ETS taldeko Iñigo Etxezarreta, Olaia Inziarte, Kerobia, Ion Maia, Lorelei eta Tatxers.
Etxarri Aranazko oholtzatik estilo eta mota desberdinetako 50 musikari baino gehiago pasa dira "zama doinuz arintzeko" helburuarekin, besteak beste, Esne Beltza, Oreka TX, Tximeleta, Ruper Ordorika, Vendetta, Su ta Gar, Zopilotes, La Chula Potra, Gozategi, Doctor Deseo, Fermin Valencia, Hesian, Gorka Urbizu, Kutxi Romero, Petti, Gatibu, Fermin Muguruza, Des-kontrol, Akelarre, Huntza, Itziar Ituño, Porrotx, Juantxo Skalari, Zetak, Anita Parker, Zelanda...