Pilota

Bankoa-Diario Vasco Torneoa, Josu Igoarendako

Guaixe 2023ko urt. 9a, 11:00

Josu Igoa eta Gorka Ugartemendia, Bankoa-Diario Vasco Torneoko txapeldunak. UTZITAKOA

Etxarriarrak eta Ugartemendiak garaipen ederra lortu zuten Elolaren eta Apezetxearen kontra

Oberena klubean dabilen Josu Igoa Lopez de Agileta pilotari etxarriarrak urteari ginga jarri zion abenduan Bankoa-Diario Vascoko Txapelketako senior mailako txapela irabazi ondoren. Udan Zumaiako Dinastia Etxabe Torneoa irabazi zuen Iñigo Erlerekin (Lapke), eta Donostiako Antiguako Txapelketa Antton Apezetxearekin (Umore Ona). Trofeo ezagun horiei Bankoa-Diario Vascoko txapela gehitu die, kasu honetan Gorka Ugartemendiarekin (Aurrera Tolosa) bikotea osatuta). 

Txapelketako finalak Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatu ziren, eta Josu Igoak eta Gorka Ugartemendiak Iñaki Elola (Aurrera Tolosa) eta Antton Apezetxea (Umore Ona) izan zituzten arerio senior mailako finalean. Finala oso gogorra izan zen, estua. Hasiera batean atzeko koadroetan murgildu zen jokoa, eta aurrelariak jokoan ezin sartu ibili ziren. Ugartemendia gailendu zen atzealde horretan, baina ez zion arerioari alde nabarmenik atera. Azken txanpan Elola eta Apezetxea aurreratu ziren, 18 eta 14 eta 19 eta 16, baina arerioek ez zuten etsi, Igoa pilotak hartzen eta tantoak egiten hasi zen, Elolak sakez falta egin zuen, eta gutxika tantoak Igoaren eta Ugartemendiaren alde erortzen hasi ziren, eta 8-1 tantoko takadari esker 22 eta 19 irabazi arte.