Paleta Goma

Naroa Otxoak Sakanako txapela jantzi dezake

Guaixe 2022ko abe. 23a, 12:00

Enara Macicior, Naroa Otxoa, Miguel Aristorena, Ane Kerejeta eta Leire Artazkoz, finalerdian. UTZITAKOA

Abenduaren 23an Sakanako Nesken Pala Txapelketako kategoria txikiko finalak jokatuko dira, eta abenduaren 24an, goizez, Lehen mailako eta eliteen mailako finalak. Maila nagusian Naroa Otxoa da ordezkari sakandar bakarra

Iritsi da XVIII. Gure Pilota Emakumezkoen Sakanako Pala Txapelketako txapeldunak ezagutzeko garaia. Sakanako Mankomunitateak eta Gure Pilota Klubak Eseki babeslearen laguntzarekin antolatutako txapelketa aurreikusi bezain lehiatua, piloteatua eta ikusgarria izan da, eta palista finenek lortu dute amestutako finalerako tokia. 

Abenduaren 23an, ostirala, 16:00etan jokatuko dira kategoria txikietako finalak, Etxarri Aranatzen. Txitoen mailan Nerea eta Olaitzek Laiatz eta Katixa izango dituzte aurkari, Tximeletak mailan Jarek eta Arhanek Malenen eta Arhaneren kontra jokatuko dute eta Kattagorriak mailan June C. eta June L. bikoteak Aizeti eta Iraiaren kontra. Azkenik, Usoetan, Haizeak eta Onditzek June O. eta Juleneren kontra jokatuko dute, eta Pottoketan Laidak eta Maialenek Uxueren eta June A.-ren kontra. 

Arantza kentzera
Maila nagusiko finalak abenduaren 24an, larunbata, jokatuko dira, 11:00etan. Lehen mailan Naroa Otxoa etxarriarrak eta Enara Maciciorrek Nahia Eizmendi eta Andrea Lusarreta izango dituzte aurkari. Otxoak azken bi urteetako finalak galdu ditu, eta aurtengoan arantza kendu nahi du. Eliteen finalean Uxue Murillok eta Paula Gorostiagak Haizea Salanuevaren eta Maiderren kontra jokatuko dute.