Gobernuak ekopasabideko lanak emateko deialdia egin du

Guaixe 2023ko urt. 9a, 09:30

Ekopasabidearen proiektua. NAFARROAKO GOBERNUA

Hura eraikitzen interesa duten enpresek eskaintzak Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian aurkezteko epea ilbeltzaren 10eko, astearteko, 23:59ra arte dute. Lanek 5.288.907,01 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute.

Sakana bere luzeran autobideak, bigarren mailako errepideak eta trenbideak zeharkatzen dute. Ibarraren iparraldean eta hegoaldean dauden mendien arteko hesi efektua sortzen dute. Aralar eta Urbasa-Andia banatzen dituen Sakanako Autobia (A-10) eta NA-2410 errepidea saihesteko eta bi natur guneen arteko animalien joan-etorria errazteko, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak aipatu bi azpiegitura horien gainean 60 metro luze duen zubia eraiki nahi du Etxarri Aranazko Aritzalko hariztian. Lan horiek emateko deialdia atzo argitaratu zituen eta lanak hartzen dituen enpresak urte erdi izanen du haiek despeditzeko. Lanak Europar Batasuneko React-EU funtseko diruarekin ordainduko dira. 

Foru administrazioak jakinarazi duenez, Aritzalkon bertan pasabidea eraikitzeko lau alternatiba aztertu zituen. Hiru zenbakidun alternatiba hariztiaren mendebaldean, Bakaikuko mugan, zegoen. Baina aukera hori atzera bota zuten hegoaldean goi tentsioko argindar linea zegoelako. Gainontzekoen artean aukeratzeko Ingurumen Ministerioaren irizpideak izan zituzten kontuan, eta, azkenik, lau zenbakiduna da eraikiko dena. Bestetik, foru administrazioak jakinarazi duenez, lanek hala eskatzen dutenean, Sakanako Autobiak (A-10) egun batzuetan noranzko bat itxiko dute Utzubar eta Bakaikuko hilerriaren artean. 

Ekopasabidea 
Sakanako Autobiaren (A-10) 21+850 kilometro puntuan eraikiko da ekopasabidea, haren eta NA-2410 errepidearen gainean. Pasabidearen eraikuntzak hegoaldean dagoen Etxarri Aranazko dermioko bide bat berregitea ekarriko du (4 metro zabal eta 180 metroko luzera). Eraikiko dena, berez, zubi bat da. Haren gainera igotzeko %25eko malda eginen da iparraldean eta hegoaldean. Malda horiek landarez estalita egonen dira eta ertzetan 2,2 metroko altuera izango duten hesiak jarriko dira, animaliak ekopasabidera bideratzeko. Aipatutako maldak egiteko Aritzalko hariztira materiala eraman beharko dute. Zubiaren oinarriak jartzeko ateratzen den lurra eta harrobietakoa erabiliko da maldak egiteko. 

Zubiak 60 metro luze eta 45 metro zabal izanen ditu. Zubiari eusteko iparraldean eta hegoaldean estribuak eraikiko dira eta zutabeekin eraikitako hiru bao edo begi izanen ditu; haietako bakoitzaren azpitik errepide bana pasako da. Haren gainean egitura horizontala osatzen duen porlanezko taula iragazgaitza jarriko da. Eta harren gainean landare lurra jarriko da, 50 bat cm-ko lodiera. Lanak egiterakoan mugitutako lurra izanen da gainean eta maldetan jarriko dena. 

Zubi gaina 
Animaliak batetik bestera zubiaren gainetik ibiliko dira eta han landareak izanen dira. Landare estaldurak diseinu heterogeneoa izango du: gune irekiak erdian eta alboetan espezie autoktonoen zuhaitzen eta zuhaixken luzetarako zerrendak egongo dira. Proiektuan jaso denez, Aritzalkon lanak hasten direnean egokiak diren zuhaixken aukeraketa selektibo eta zaindua egingo dela, gerora zubi gainean birlandatzeko. Hori iritsi bitartean zuhaixkak sustrai lurrarekin egoki mantenduko dituzte. Egituraren kanpoaldean 2 m-ko altuera duen egurrezko pantaila bat jarriko dute, landare-pantaila batekin batera. Pantaila hori zuhaixka sail trinkoek osatuko dute barruko aldean.