Abenduaren 2an XVIII. Gure Pilota Sakanako Emakumezkoen Pala Txapelketako finalak jokatu ziren Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan eta abenduaren 24an kategoria nagusiko finalen txanda izan zen. Lehen mailako finaleko txapela Sakanan geratu zen, Naroa Otxoa Garmendia etxarriarraren buruan.
Azkenean Sakanako pala Txapelketako txapelduna zara, zorionak!
Eskerrik asko! Bazen garaia. Azken bi urtetan finalera sailkatu nintzen baina txapela lortzeko ateetan geratu nintzen. Aurten, zorionez, txapela lortu dugu eta oso kontentu nago. Arantza kendu dut.
Enara Maciciorrekin osatu zenuen bikoa eta finalean Nahia Eizmendi eta Andrea Lusarreta izan zenituzten aurkari. Nolakoa izan zen partida?
Partida nahiko parekatsu hasi zen, baina partida erdian Enara eta biok aldea irekitzen hasi ginen. Enara eta biok ongi konpentsatzen ginen, bikote ona egiten genuen eta Andrea Lusarretari pilota atzera bidaliz gero akatsak egiten hasten zela jabetu ginen; hortaz, bera estutzea izan zen estrategia, atzera jotzea, aldi berean Nahia Eizmendiri partidan sartzen ez uzteko. Partidari buelta eman genion eta azkenean 15 eta 25 irabaztea lortu genuen.
Gure Pilota Sakanako Emakumezkoen Pala Txapelketa etxeko txapelketa izateaz gain, txapelketa preziatua da, palista onenak lehiatzen baitzarete bertan. Hori kontuan hartuta Sakanako txapelak zapore berezia al du?
Bai. Txapela hau irabazteko gogoa nuen, eta baita nire familiak eta lagunek ere, gertu ditudan guztiak. Beste txapelketa eta kategorietako txapelak ditut, baina Sakanakoa ez nuen eta lortu izanagatik oso kontentu nago.
Nafarroako txapelduna zara.
Joan zen urtean bigarren mailako Nafarroako Txapelketa irabazi nuen Lekunberriko Maider Saralegirekin batera. Bestalde Emakume Masters Cupean Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketako 22 urtez azpiko txapela lortu nuen Olaia Eizagirrerekin batera. Eta duela gutxi Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen Senior mailan Oberenako Uxue Murillorekin jokatu nuen lehen mailako finala. Leire Artazkoz eta Paula Gorostiaga izan genituen aurkari eta ez genuen txapela lortu, baina lan handia eman genien txapeldunei.
Sakanako Emakumezkoen Txapelketako elite mailako finalean Haizea Salanuevak eta Maider Mendizabalek 25 eta 24 irabazi zieten Uxue Murillori eta Paula Gorostiagari luzera gogoratuko den final borrokatuan. Sakanako txapela irabazita, bere erretiroa iragarri zuen Mendizabalek.
Bai, final ikusgarria izan zen. Maider Mendizabalek urte asko eramaten zituen pala munduan eta berak esan zuen palaz despeditu nahi zuela Sakanako Pala Txapelketa jokatuz. Txapela irabazita, goian bukatu du bere ibilbidea.
"Finalean frontoia bete-betea zegoen. Txapelketa guztian final hori nuen buruan"
Zer du Sakanako Txapelketak palisten artean horren preziatua izateko?
Gauza asko dira. Alde batetik Miguel Aristorena ibiltzen da antolatzen, Gure Pilota klubean urte luzez gure entrenatzaile izandakoa, pertsona ikaragarria, palistendako preziatua. Emakumezkoen pala sustatzeko makina bat lan egiten du. Bestetik, Sakanako Txapelketako sariak ere onak dira, eta hirugarrenik sortzen den giroa bikaina da. Txapelketa hau kategoria txikietan ere jokatzen da eta emakumezkoen palan zenbat jokatzen den erakusteko aukera ematen zaio jendeari. Neskendako pala aukera ederra dela argi uzten du txapelketa honek.
Finalean nola zegoen Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekua?
Topera beteta. Txapelketa jokatu zen hilabete guztian finalean pentsatzen egon nintzen. Eta finalera sailkatzeko eta hura bizitzeko eta irabazteko aukera izan nuen. Sekulako giroa zegoen. Hunkigarria izan zen, azkenean ilusioa pizten du. Txapela etxean dut, nire gelan txintxilik.
Hemendik aurrera zein dira dituzun erronkak?
Entrenatzen segitzea eta hobetzen jarraitzea hori da nire asmo nagusia. Palaz aparte beste modalitate batzuetan ere aritzen naiz, trinketean jokatzen den paleta argentinarrean, esaterako. Jokoa oso ezberdina da, egokitu beharra dago. Paleta goman, argentinarrean eta trinketean, guztiekin jarraituko dut aurrera. Sakanako Txapelketan ariko naiz, jakina. Aurten Lehen Mailakoa irabazita, espero dut aurten Eliteen Mailan jokatzea. Baina txapelketa asko ditut aurretik. Nafarroako selekzioan ere aritzea espero dut, GRABNI txapelketan eta Irekiko Txapelketan, esaterako. Pentsa dut Pilota Federazioak hautatuko nauela. Eta bestelako batzuetan ere.