Anbulantziako gidaria inputatu dute zeraman pertsona baten heriotzagatik

Guaixe 2023ko urt. 17a, 10:28

Anbulantzia bat ezbehar batean lanean Etxarri Aranatzen. ARTXIBOA

Iruñean anbulantziak izandako ezbehar batean Etxarri Aranazko gizonezkoa hil zen. Iruñeko Udaltzaingoa anbulantziaren abiadura eta gurpil-aulkiaren ainguraketa ikertzen ari da.

Osasun arazo baten ondoren, 78 urteko gizonezko etxarriar batek osatzeko prozesua hasteko San Juan de Dios ospitalera joan behar izan zuen. Horretarako, gurpildun aulkiak eramateko egokitutako anbulantzian igo zen, beste hainbat gaixorekin batera. Abenduaren 30ean, 09:00ak aldera, anbulantzia Iruñeko Pio XII.a etorbidean barna zihoala, antza beste ibilgailu batek erreiez aldatu zuen eta horrek anbulantzia gidaria balaztada egitera behartu zuen. Balaztadaren eraginez, gurpildun aulkian joaten zen etxarriarrak garondoan kolpea hartu zuen. Zuzenean Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, hilaren 8an hil zen. Gizonezkoak alarguna, hiru seme-alaba eta lau iloba utzi ditu. 

Ezbeharraren ikerketa Iruñeko Udaltzaingoaren esku dago. Udaltzainek gertakariaren inguruko kameren grabazioak aztertu dituzte, anbulantzia zein abiaduratan zihoan jakiteko, eta, era berean, anbulantziako gurpildun aulkien ainguratzea ikertu dute. Ondorioz, Udaltzaingoak anbulantzia gidatzen zuen osasun-garraioko teknikaria inputatu egin du zuhurtziagabekeriazko homizidio-delitu baten egilea izateagatik, eta 1-4 urteko espetxe-zigorra ezarri dio.