Urte hasieran aurkeztu zituen Iruñeko Udalak urtero antolatzen duen Egile berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketaren 32. edizioaren irabazleak. Hemezortzi lan aurkeztu dira, bederatzi narrazio laburrean eta bederatzi poesian, eta narrazio sailean Joxe Aldasoro Jauregi idazle etxarriarrak irabazi du lehen saria Biyer egueldi narrazioarekin. Tortura jasan duen pertsona baten bizitza kontatzen du lanak.
Aurten Iruñeko udalak ez du sari banaketa ekitaldirik antolatu, "ez digute zergatik esan, baina agian beste urteetan egin dutena ez zaie asko gustatu". Aldasororekin batera, Iker Tubiak eta Ainara Tirapuk narrazio sailean irabazi dute, eta Ventura Ruiz, Rakel Pardo eta Malen Alzua idazleek poesian. Hiru aipamen berezi eman dituzte: Itziar Aguirre, Iñigo Satrustegi eta Odei Ruiz. Lan saritu guztiekin liburua argitaratuko dute eta apirilean aurkeztea aurreikusten dute. Hirugarren aldia da Aldasoro aurkezten dela eta aurreko bietan aipamen berezia eman zioten.
Lau maila
Atxilotzean inkomunikaziotik pasa den eta torturak jaso dituen pertsona baten bizitza kontatzen du. "Zer puntutaraino gelditzen den bere bizimodua eta ingurukoena. Erabat aldaturik, pista gehiago ez emateagatik". Torturaren inguruko narrazio bat dela azaldu du Aldasorok, "torturatuen ondorioak zein izan daitezkeen". Egile berrientzako Euskarazko literatur lehiaketako epaimahaiek azaldu dutenez, Aldasororen lanak "oso ongi islatu du protagonistak bizi dituen itolarria, egonezina eta larrimika, baita horren ingurukoen arteko ezin esanak eta ezin eutsiak ere".
Euskal Herritar asko bezala Aldasorok azaldu du torturarekin aspalditik duela harremana. "2010ean gaur egun ministroa den Marlaska epaile zenean agindatutako operazioan atxilotu ninduten beste zortzi lagunekin batera eta inkomunikazioa pasatu nuen". Torturatuek lau mailako sufrimendua jasaten dutela esan du: "Inork ez digu sinisten, aldi gutxitan lortzen da zerbait demostratzea, torturatzaileei jartzen zaien gutxienekoak dira eta gero barkatu egiten zaizkie eta, batzuetan, kondekorazioekin saritzen zaie ere". "Zerbait" kontatu beharra zeukan.
"Idazlana nola antolatu kostatu zitzaidan; ez nuen lortzen nahi nuena islatzea"
Biyer egueldi narrazioa idazteko unibertsitate garaian ezagututako mutiko batean oinarritu zen Aldasoro. "Inkomunikazioa ren ondoren txikiturik gelditu zen, beste pertsona bat zen. Ez zen kapaza izan ikasten segitzeko ez lanean ez ezertan. Aurretik ezagutzen nuen eta ondoren elkartu nintzenean berarekin ezin zuen begietara begiratu eta ez zuen elkarrizketa bat izateko ahalmenik". Egoera hori buruan zuen eta hori "literatura puntu batekin" islatzea zen helburua, "baina sinesgarria izatea". Aitortu duenez, idaztea kostatu zitzaion. "Idazlana nola antolatu kostatu zitzaidan. Hainbat aldiz hasi nintzen, ez nuen lortzen nahi nuena islatzea".
Narrazioaren helburua "komunikatiboa, soziala edo politikoa" zela esan du Aldasorok, "beti izkutatutakoa izan den errealitate baten testigantza edo salaketa" egitea. Zauriak ixten lagundu dion galdetuta, "ez da hortik joaten. Nire zauriak ez dakit erabat itxi ditudan, baina bere garaian psikologo batekin egon nintzen eta sarekadakoekin batera beste ariketa batzuk egin genituen".