Astekaria

"Etxarri Altzariak gure bizimodua izan da"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urt. 25a, 13:49

Joxan Artieda, Ana Ezkurdia eta Ricardo Zubiria.

Urte luzez altzariak eta etxerako "denetariko" produktuak saldu dituzte Joxan Artiedak eta Ana Ezkurdiak, Ricardo Zubiriarekin batera, Etxarri Altzariak familia dendan. Laster itxiko ditu ateak, eta likidazioan daude.

Herriko negozioetan erosteko deia egin dute

1. Noiz ireki zituen ateak Etxarri Altzariak/Comercial Etxarrik?
Ez dakigu data zehatza, baina gutxi gorabehera orain dela 60 edo 65 urte ireki zuten.

2. Nor zen orduko nagusia?
Orduan Justo Artiedaren izenean zegoen, eta negozioa handitu zenean sozietate anonimoa izatera pasa zen 1987an; Comercial Etxarri S.A. izatera pasa zen. Gabina Barandalla bere emaztea ere, Uharte Arakilen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun dendak jarri zituztenean, arratsaldeetan joaten zen.

3. Altzariak bertan egiten zituzten?
Hasieran, bai. Nire aita zurgina zen eta zurgina izatean batzuk egiten zituen. Komertzial bezala jarri zenean kanpotik erosten genuen eta dendan saltzen genuen. Hasieran ez ziren altzariak bakarrik saltzen, denetarik saltzen genuen: telebistak, antenak... Garai hartan telebista seinalea oso gaizki hartzen zen. Uharte Arakilen ere butano bonbonak eta abar saltzen genituen. Umea nintzenean Eguberrietan jostailuak saltzen genituen ere.

4. Bezeroak nongoak izaten ziren?
Gehienak Sakanakoak izaten ziren. Gipuzkoatik ere etortzen ziren, Goierritik asko, Donostiatik; baita Arabatik ere. Bizkaitik baten bat ere etorri da, baina gutxiago.

5. Zer nolako altzariak izaten ziren?
Lehen, hasierako salmentetan, normalean egurrezkoak izaten ziren. Egurrari balore handia ematen zitzaion. Altzariak egungoekin alderatuta desberdinak ziren. Egurra asko lantzen zen eta baserri estiloa izaten zuten. Altzari sendoak ziren eta egurrak haritza, gereziondo, gaztainondo eta abarrekoak ziren. Ikuspegia zen bizitza osorako izatea. Toledotik edo Talavera de la Reinatik ekartzen genituen. Gero bazegoen beste bat valentziar estiloa deitzen zena altzari finagoa zena eta txapekin egiten zena, baina oso txapa bereziak ziren sustraiekin egiten zirelako. Lan finak ziren. Altzari modernoagoak ere saltzen ziren, garai horretan taula aglomeratuekin eginak baina beti egurrarekin landutakoak, ez plastikozkoak gaur egun ikusten ditugunak. Estiloa ematen zion altzariari.

6. Noiztik zaudete familiako enpresan?
Joxanek beti ezagutu du familia barruan eta bizi guztia daramala esan daiteke. Garapen handia ikusi du. Ana eraikin berriarekin hasi zen, 1987. urtean gutxi gorabehera.

7. Nola aldatu da altzarigintza azken urte hauetan?
Asko aldatu da. Gehien aldatu dena itxura eta materiala da. Orain aglomeratuan egiten da. Laminak melamina itsatsiarekin egiten dira eta egurraren imitazioa lortzen da. Horrek itxura aldetik pila bat aldatzea ekarri du. Kolore pila bat daude eta nahasten dira. Produkzioetan ere aldaketa handia egon da, fabriketan aukera daukate makina berriekin diseinu aldetik egiturak aldatzeko. Jendeak ez du nahi altzariak betirako izatea, aldatu nahi du. Altzariak jartzeko beste modu bat ekarri du ere, espazioak aprobetxatzeko eta horiek saltzeko beste modu espezializatuagoa.

8. Zer saldu duzue azken urteetan?
Denetarik saldu dugu. Atsedena beti landu izan dugu: koltxoiak, sofak, logelak, gazteendako logelak... Baita sukaldeko altzariak eta elektrogailuak ere. Altzariak neurrira egiten genituen, nahi zenuenean guk egiten genuen. Azken urteetan altzari txuria asko saldu da.

9. Nolako balorazioa egiten duzue zuen ibilbideaz?
Gure bizimodua izan da; ordu asko, esfortzu handia eta lan asko negozioa aurrera eramateko. Baina hamabost urtez, krisi ekonomikotik orain arte, urtetik urtera lan bizimodu hau gero eta zailagoa dela ikusi dugu. Azkenean, gauzak asko zaildu dira eta erabaki bat hartu beharra zegoen eta ixtea erabaki genuen.

10. Likidazioa duzue orain hilabete bukaera arte, zer geratzen da salgai?
Likidazioa hilabete honetan, urtarrilean, eta beharbada da torren hilabetean ere hemendik ibiliko gara. Altzariak saltzea nahiko genuke eta salmenta gehiago izan arte hemen egongo gara. Likidazioan oraindik egongelako altzariak, logelak, haurren logelak, sofa-butakak eta osagarri asko daude. Koltxoiak gehienak saldu ditut baina baten bat gelditzen da. Facebook-ean geratzen diren modeloen argazkiak jartzen ditugu.

11. Sakanako biztanleei zer esan nahi zeniekete?
Lehenik eta behin guregan konfiantza izan dutenei eskerrak ematea. Bestetik, garrantzitsua dela gertuko zerbitzuak eta negozioak mantentzea Sakanan bizitzeko, lan egiteko eta erosteko. Denon artean egin beharko dugu