Ostiralean 44 urte bete ziren ETAk Jesus Ulaiar Liziaga etxe parean tiroz hil zuela. Urteurrena dela eta, azken urteetan ohi denez, familiaren sortetxeko atean, Txartxenekoan, loreak eta piztutako kandela bat jartzen dituzte. Semeetako batek loreak jarri zituen ostegunean, eta lagun batek kandela. Semeak jakinarazi zuenez, igande goizerako ez zeuden ez loreak ez kandelak.
PPk baieztatu dutenez, “ 2023an Etxarri Aranatzen lorerik eta kandelarik ezin jartzeak asko esaten du Nafarroako zenbait lekuren normaltasun demokratiko eskasaz, bereziki EH Bilduk gobernatzen dituen herriena”. Nafarroako PPk “elkartasuna eta maitasuna” helarazi dizkio Ulaiar familiari, baita “Foru Komunitateko txoko bakoitzean normaltasun demokratikoaren alde borrokatzeko konpromiso irmoa ere”. Azaldu dutenez, “zerrendak aurkeztuko ditugu iritsi ahal garen lekuetan, eta lan egingo dugu jarduera horiekin identifikatuta sentitzen ez diren guztiak ordezkatzeko”. Bestetik, Vecinos de Paz erakundeak adierazi duenez, “ETAk erail zuen eta orain nahi dute ahanzturarekin erailtzea. Argi gera bekie: saiatuta ere ez dugu ahaztuko”.
Ez da halako zerbait gertatzen den aurreneko aldia, 2019an ere loreak lurrean agertu baitziren. Aurretik, 2004an, senide eta lagunek etxeko fatxada hondo urdin eta esku txurik margotu zuten, “altxatutako esku txuriak ETAren indarkeriaren kontrako irudia” gisa margotu zituzten. Haien gainean hainbatetan pintaketak egin zituzten.