Martuteneko espetxeko tratamendu batzordeak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hirugarren gradua eman zion Asier Karrera Arenzanari lastailaren 6an. Horren ondorioz, eguneko ordu jakin batzuk kartzelatik kanpo eman zitzakeen, eta lotara bueltatu. Baina etxarriarra ostiralean bueltatu zen kartzelara. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren gradura itzuli eta Martuteneko espetxera bueltatzea agindu zion. Karrera 2000ko azarotik dago preso, eta aurten bere zigorraren 3/4ak beteko ditu.
Etxarri Aranazko Udalak gertatutakoa salatzeko adierazpena onartu du. Udalak "kezka" adierazi du "fiskaltzak espetxe organoek hartutako ebazpenen kontra behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituelako. Izan ere, kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak". Horregatik, Etxarri Aranazko Udalak eskatu du epaitegietako ebazpenak "bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak edota espetxetako baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena".
Udalak adierazi duenez, Karrerak "bere zigorraren erdia betea eta Legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen ditu 3. graduan egoteko". Gaineratu duenez, hirugarren graduan egon den denboran "inongo arazorik" ez du izan ez bere egunerokoan, ez Donostian (lan baimena du han) ezta Azkoitian (familia bizi da han) ere.
Bestetik, Etxeratek jakinarazi duenez, etxarriarraren modura, Espainiako Auzitegi Nazionalak beste hamar presori kendu die hirugarren gradua. Presoen senideen elkarteak "haserrea eta ezinegona" adierazi du. Salatu duenez, "Karreraren eskubideak urratuak izan direlako".
Salaketa
Aurreko ostiralean albiste jakin zenetik Etxarri Aranatzen mobilizatzen hasi ziren eta egunean bertan Etxerak batzarra deitu zuen, plazan. Otsailaren 17an, ostirala, Asier etxera. Gradu erregresiorik ez! Etxerako bidean oztoporik ez! lelopean prentsaurreko jendetsua deitu dute, 20:''etan, plazan.