Karreraren espetxeratzea salatzeko, manifestazioa

Guaixe 2023ko ots. 20a, 11:05
Etxarriarrek Karreraren gradu erregresioa salatu zuten. UTZITAKOA

Preso etxarriarraren hirugarren gradua baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak eta ostiralaz geroztik Martuteneko espetxean preso dago Asier Karrera Arenzana. Espetxeratzea salatzeko otsailaren 24an, ostirala, manifestazioa deitu du Sarek.

Asier Karrerak hirugarren graduan egoteko baldintzak betetzen dituela azpimarratzeko otsailaren 24an, ostirala, 19:00etan Gradu erregresiorik ez. Asier etxera leloa duen eskualdeko manifestazioa deitu du Sarek Etxarri Aranatzen.

Kartzela eraikin bakarra bada ere, legediaren arabera bere barruan presoak hiru gradutan banatuta daude. Graduaren arabera espetxe barruko bizi baldintzak eta onurak desberdinak dira presoendako. Sareko kide Mikel Mundiñano Larrazak azaldu duenez, lehenengo gradua "zorrotzena eta baldintzarik gogorrenak" dituena da. Espetxea espetxe barruan. "Euskal presoen kasuan, zigorraren ia guztia baldintza gogorrenetan eta lehenengo gradu horretan pasatu dute", gaztigatu du. 2. gradua "nolabaiteko 'normalitatea' da, hainbat aukera dituzte eta espetxe ibilbide bat egin dezakete. Esaterako, zigorraren erdia beteta daukazunean, baimendutako irteeretarako eskubidea daukazu. Pixkanaka nolabaiteko puntuak lortzen dituzu eta horrek 3. gradua eskatzeko aukerak ematen dizkizu". 3. gradua "nolabaiteko erdi askatasun" gisa definitu du Mundiñanok. "Hainbat eratako 3. graduak daude: kontrolerako eskumuturrekoa ezarri eta espetxera ez bueltatzea edo astelehenetik ostegunera kartzelara bueltatzea eta egunean zehar lan egin eta asteburuak etxean ematea". Azken hori orokorrena dela gaineratu du. Espetxe ibilbidearen azken maila baldintzapeko askatasun da, "aurretik egin duzun ibilbide horretan oinarrituta dagoena. Hura lortzeko zigorraren hiru laurdenak beteta izan behar dira". 

Presoak gradu batetik bestera pasatzeko baldintzak betetzen dituen edo ez kartzelako tratamendu batzordeak erabakitzen duela azaldu du Sareko kideak. "Baina euskal presoak salbuespenezko legedi baten edo neurri batzuen pean egon dira urtetan eta halakorik ez dute izan", zehaztu du. Martuteneko tratamendu batzordeak Asier Karrera Arenzanaren 3. graduari oniritzia eman eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eman egin zion lastailaren 6an. Ordutik preso etxarriarra astean lautan Donostian zortzi orduko lana egitera atera eta, ondoren, lotara bueltatzen zen, eta asteburuetan familiarekin egoten zen Azkoitian. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren gradura itzuli eta Martuteneko espetxera bueltatzea agindu zion ostiralean eta, ordutik, preso dago. Sareko kideak azaldu duenez, Karrera 2000ko azarotik dago preso, eta zigorraren hiru laurdenak maiatzean beteko ditu. "Karrerak baldintza guztiak betetzen ditu 3. graduan egoteko. Legea eskuan, baldintzapeko askatasuna ere berehalakoan lortu beharko luke", zehaztu du. Gaineratu duenez, "zoritxarrez Karrerarena ez da kasu bakarra". Tratamendu Batzordeak, atzera ere, 3. gradua eskatuko duela suposatzen du. 

Mundiñanoren iritziz, "espetxe politikaren baitan aldaketak ematen ari dira eta urruntze politikarekin bukatzeko ere. Fiskaltzak, Audientzia Nazionalak, etxeratze prozesu horren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, herri honek behar duen konponbide eta elkarbizitza bide horretan oztopoak jartzeko". Sareko kidearen iritziz, auzitegiaren erabakiak" ez du bat egiten ez Euskal Herrian dagoen errealitatearekin ezta bizi dugun momentuarekin ere. Euskal gizarteak argi adierazi du etengabe honi konponbide bat eman behar diogula, konponbidean jarri behar ditugula azken batean mantentzen ari diren sufrimendu egoera guzti horiek. Madrilen batzuk oraindik tematuta daude hemen ez dela ezer pasatu eta konponbideari oztopoak jartzeko interesak" daudela gaineratu du.