Boltio ETXERA!

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Aldasoro Jauregi eta Onintza Goñi Iraurgi (Boltio eta Luixen lagunen izenean) 2023ko ots. 27a, 09:14

Asier Karrera Arenzana, Boltio, bigarren gradura itzuli dute. Kolpe latza. Guretzat ere bai. Euskal Herriratzearekin hasitako notizia onen bolada bukatu da. Oraingoz. 

Ez gara epaileak, juristak, katedratikoak: fundizioko langileak, pentsionistak, fisioak, erizainak, bankuko langileak, nekazariak, ingeniariak, kooperatibistak, kirol monitoreak, irakasleak, automobilgintzako langileak, jantokikoak, gerenteak, tabernariak, baizik. Badakigu, hala ere, aspalditik, sudur puntan jartzen zaiena, edo jartzen dietena egiten dutela espainolek, izan politikari, polizia edo epaile. Oraingoan, togadun batek erabaki du Boltiok bigarren gradura itzuli behar duela.

Etxean behar dugu Boltio. Eta Luix. Hogeita bi urte daramatzate espetxean. Atxiloketetatik saiatu gara behar zituztenak asetzen. Oraingoan ere bai.
Hamaika eztabaida izan ditugu kuadrillan espetxeratzeen arrazoiaz, bertatik ateratzeko egin beharrekoaz. Norbera bere arrazoi zatiarekin oheratu gara bien ala bien urtebetetzeak ospatzeko egiten ditugun afarien ondoren; manifestazio, mendi irteera, kontzentrazio, bazkari, poteo, bizikleta buelta, festa, hileta, turno eta igande arratsalde aspergarriak bukatutakoan ere bai.
Iritziak iritzi, haien erabakiak errespetatu eta babestu ditugu. Zer bestela? Oraingoan ere gure eskutan dagoena egingo dugu. Ez egitea ulertezina litzateke. Barkaezina ere bai, agian. Ziurrenik.

Gradu erregresiorik EZ! oihukatuko dugu ostiralean. Etxera itzuli daitezela ere bai. Popi eta Unai ere bai. Guztiak.

Ez ditugu konstituzioak, zigor kodeak, araudiak irakurri. Badakigu, ordea, euriak busti egiten duela. Argitasun berarekin dakigu gauza bera egiteagatik batzuk saritu eta beste batzuk zigortzen dituen justizia txarra dela, gaiztoa, ankerra. Injustizia, alegia. Batzuk espetxea zapaldu gabe edo sarrera zapaltzearekin bakarrik ordaindu; beste batzuk hamarkadak barruan eman behar izatea. Barrionuevo, Vera, Elgorriaga, Galindo, San Cristobal, Alvarez, Amedo, Dorado, Bayo, Vaquero…